Gasolindegiko lursailean hamalau etxebizitza eraiki ahalko dituzte
Martutene auzoaren bihotzean dago Mendiburu gasolindegia izandakoa. 2018ko apirilean itxi zuten, eta ordutik auzotarrek aparkaleku gisa erabili dute. Aldiz, erabilera hori bertan behera geratzeko atzera kontaketa hasi da. Donostiako Udalbatzak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntuala onartu du, eta horri esker, jabeek euren asmoa aurrera eramango dute: etxebizitzak eraikitzea.
Iazko urtarrilean udalak gasolindegiaren lursailari erabilera aldatu zion. Hain zuzen ere, industria erabilera kendu eta bizitegi erabilera eman zioten 257 metro koadroko eremuari. Ordea, beste baimen baten zain zeuden udala eta jabeak, Kostaren eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiarena. Hori duela gutxi iritsi zela aitortu zuen Eneko Goia alkateak astearteko prentsaurrekoan, eta, azkenik, Martuteneko etxebizitzen proiektuak aurrera egin ahal izango duela baieztatu zuen.
Gasolindegiko jabeek sei solairuko etxe bat eraikitzea aurreikusten dute, eta hamalau etxebizitza libre izango ditu. Baita ere ekipamendurako lokalak, garajeak eta oinezkoentzako eremu bat lorategi batekin. Aldiz, proiektuak ez du argitzen lursail horretan dauden bi autobus geltokien etorkizuna. Izan ere, Dbusek bi geraleku ditu gasolindegia zenaren mutur bakoitzean. Auzotarrek biak kenduko dituztela uste dute, eta horrekin kezkatuta daude.
Udaleko iturrien arabera, orain jabetzak hirigintzako proiektu gehigarria aurkeztu beharko du eraikitzeko baimena eskatu aurretik. Dena den, behin aldaketa puntuala onartuta, edozein momentutan hasi daitezke bertako lurren deskontaminazio lanak egiten. Horiek egitean, gasolindegia bera eraisten hasi ahal izango dira. Nolanahi ere, udalak ez du argitu lan horiek egiteko zenbat denbora behar izango duten.
Aieterekin lotura
Hirigintza Sailak lurraren legeak baimentzen duen arau bat baliatu ohi du etxebizitza proiektu batzuk onartzeko, eta gasolindegiko lursailean ere erabiliko dute aukera hori. Horrela, eremu horri dagozkion berdeguneak Aieteko Puio zonan kokatuko dituzte. Zehazki, 324 metro koadroko lursail berdea da Martutenetik Aietera eraman ahal izango dutela. Egiako Aldakonea kalean eta Herrerako Zardoya-Otis eremuan gauza bera egin nahi dute.