Zortzi kontzertu eskainiko dituzte Jazzaldiko JazzEñe zikloan
Espainiako Estatuko jazz taldeen JazzEñe zikloa egingo dute aurten ere Donostiako Jazzaldian, eta dagoeneko iragarri dituzte zeintzuk izango diren kontzertuak. Zortzi talde ariko dira ziklo horretan, uztailaren 22tik 25era, eta egun bakoitzean bi kontzertu egongo dira. Viktoria Eugenia antzokian izango dira emanaldiak, 12:30ean.
Uztailaren 22an, Lucia Rey Trio eta Move ariko dira; 23an, Carles Margarit boskotea eta Nani Garcia/Baldo Garcia laukotea; 24an, Alto For Two eta Niño Josele; eta, 25ean, Bandolero laukotea eta Gonzalo del Val.
Sarrera solteak (8 euro) eta abonamenduak (25 euro) salgai daude dagoeneko, antzokiko leihatilan, Jazzaldiaren webgunean eta Donostia Kulturaren webgunean. 840 lagunentzako edukiera izango dute kontzertuek, eta streaming bidez ere ikusi ahalko dira, Jazzaldiaren Youtubeko kanalean.