Aldarrikapenez jositako 25 urte

Intxaurrondoko IZBE auzo elkarteak 25 urte bete ditu. 1980an zegoen auzo elkartea ordezkatzeko asmoz sortu zen, eta hasieratik "auzo duin bat" eraikitzea izan da elkartearen helburua. Oraindik egiteko eta hobetzeko gauza asko dituztela uste dute.

IZBE Begoña Alzaga eta Imanol Mendiluze, IZBE auzo elkartearen lokalean, Intxaurrondo kalean. (Argazkia: Sara Ibarguren)

Intxaurrondon bazen auzo elkarte bat 1980ko hamarkadan, baina pixkanaka bere funtzionamendua apaltzen joan zen, elkartea desagertu arte. Zortzi edo hamar urtez auzoa elkarterik gabe geratu zen, eta hori “berehala” nabaritu zela diote Imanol Mendiluze eta Begoña Altzaga IZBE auzo elkarteko kideek: “Intxaurrondon ez zen inbertsiorik egiten; Larrotxene kultur etxea oso ekipamendu garrantzitsua zen auzoarentzat, eta bertako dotazioak lekualdatu nahi zituztela zabaldu zen; horrez gain, merkataritzaren gainbehera ere hasi zen nabaritzen”.

Horiek horrela, 1998an auzoko talde batek elkarte berria sortzea erabaki zuen, eta IZBE eratu zuten. “Auzoan inbertsiorik ez zegoenez, Intxaurrondo utzita zegoen, eta auzoko gizarte sarea asko ahultzen ari zen. Beraz, horri bultzada eman behar ziotela ikusi zuten elkartearen sortzaileek”, azaldu du Altzagak.

Hirigintza eta gizarte eskaintza beti izan ditu oinarrian auzo elkarteak. Gizarte eskaintzaren barruan, Euskal Kantak taldea sortzea izan zen hasierako egitasmoetako bat —gaur egun ere martxan dagoena—. Horrez gain, duela hamar urte inguru, guraso talde bat joan zen IZBEra laguntza eske, haurrek jolasteko gune bat izan zezaten auzoan. “Kontuan izan behar da hemen euria egiten zuenean, familia askok haurrak saltokigune handietara eramaten zituztela. Talde horri ez zitzaion egokia iruditzen, eta Intxaurgune egitasmoa sortu genuen elkarrekin. Lizardi aldapan daukagun lokala utzi genien haurrek bertan jolas zezaten”, adierazi du Alzagak.

Horrez gain, lehenengo auzo elkarte horren garaian, lagun talde bat Intxaurrondoko historia lantzen hasi zen, “gauza handirik egin gabe, baina beti asmo horrekin”. “Duela hogei urte gutxi gorabehera egitasmo hori berrartu genuen eta auzoko memoria berreskuratu nahian hasi ginen”, nabarmendu dute.

Gainera, jai batzordean egiten duten lana izan dute mintzagai. “Garai batean, Artzak Ortzeok elkarteak eramaten zuen jaien antolakuntzaren ardura, baina zahartzen joan ziren ardura hori hartzen zutenak, eta auzoko gazte talde batek erabaki zuen hartzea. Baina babes fiskala behar zuten, eta horiek ere IZBEn sartu ziren”, azaldu dute. Horrekin batera, Letaman gaztetxeko kideekin duten “harreman ona” nabarmendu du Mendiluzek: “Ez dira IZBEkoak, baina behar dugun gauzetan laguntzeko prest egoten dira beti”.

Kezkak eta helburuak

25 urteren ondoren, auzoak hainbat gabezia izaten jarraitzen duela diote IZBEkoek. “Udaletxeak ez digu kasurik egiten”, deitoratu dute.

Mendiluzeren arabera, trenbideak estaltzeko eskatzen ari dira duela 40 urtetik, eta nahiz eta garai batean eremu batean trenbidea pixka bat ixtea lortu, etxe gehien dauden eremuan ez dagoela hori lortzerik nabarmendu dute.

IZBEren beste kezka bat Txaparrene pasealekuaren egoera da. “Obra batzuk egin behar dituzte, eta ez digute galdetu ere egin zer egin zezaketen. Hortik bizikleta eta patinete asko pasatzen dira, jende heldu asko dago, txakurrak, haurren aulkiak… Maldan behera jendea pixka bat harrotu egiten da, eta udaletxeari eskatzen diogu landareak eta banku batzuk jartzeko abiadura jaisteko , baina ez digute kasurik egiten”, nabarmendu du Mendiluzek.

Alzagaren arabera, Herrerako tuneletik Intxaurrondoko tren geltokiraino bidegorria markatzea izan da udalak proposatu duen proiektua, baina ez duela ongi funtzionatuko uste du: “Horrek ahalbidetuko die erabiltzaileei bakarrik sentitzea eta abiadura gehiago hartzea. Eta, orduan, askoz abiadura handiagoan iritsiko dira alde honetara. Beraz, konpondu baino, okertu egingo dute”.

Txaparrene pasealekua hobetzeari buruzko aldarrikapenak aspalditik entzun daitezke Intxaurrondon. Iaz, manifestazio bat egin zuten, eta baita grafiti bat ere, Txaparrene pasealekuko erabiltzaile guztien arteko bizikidetza ona adierazten duena. Horrez gain, konponbide bat aurkitzeko udalarekin hitz egiten saiatu direla azaldu dute, “alferrik”.

IZBEkoek diotenez, bertako kide bat Ekialde Barrutian udalerekin egiten dituzten bileretara joaten da, euren kezkak azaltzera. “Udala jakitun da zein arazo ditugun, baina bere dinamika auzoetatik aldentzea izan da”, deitoratu dute Mendiluzek eta Alzagak.

Irisgarritasuna hobetzea ere badute jomugan auzo elkartean. Duela hainbat urte 2.200 sinadura lortu zituzten Intxaurrondon mikrobus bat jartzeko, eta oraindik horren zain daudela nabarmendu dute. “Irisgarritasuna penagarria da. Auzo erdia tren geltokiaren eta Mons eta Zarategi pasealekuen artean eraikita dago, eta dena maldan. Gainera, auzogune horiek eraiki zirenean, 1950eko edo 1960ko hamarkadan, ez ziren inondik inora kontuan hartu hiritarren beharrak. Beraz, hala moduz egin zen hori guztia. Horren ondorioz, eskailera asko dago eta aldapak nonahi. Beraz, beti eskatu izan dugu irisgarritasunaren gaiari heltzea eta hobetzea, portaletara inongo oztoporik gabe iritsi ahal izateko jendea”, adierazi du Alzagak.

Bestalde, eskailera automatikoak soilik igotzeko jarri izana deitoratu dute. “70 urteko pertsona batek malda hori ezin du jaitsi. Gure auzoko jendeak horrela ezin du osasun etxera joan, adibidez, eta egin behar dutena da hemen autobusa hartu, Grosera jaitsi, Grosen beste autobus bat hartu eta osasun etxera igo. Eta behera jaisteko berdin. Hemen jende heldu asko dago, eta ez dituzte batere zaintzen”, nabarmendu du Mendiluzek.

Horiek horrela, eta Kotxerak ondoan dituztela jakinda, orduro autobus bat egotea eskatzen dute: “Ez dugu eskatzen hogei minuturo mikrobus bat egotea, baina orduro buelta bat eman eta Kotxerasen geratu daiteke. Ez dugu txorakeriarik eskatzen, gauza sinpleak eta beharrezkoak baizik”.

HITZAkide HITZAkide