Etxebizitza Lege berriak konpon al dezake hiriaren egoera larria?
Etxebizitza da donostiarron arazo handienetako bat. Edo, hobeto esanda, jabe handi zein txikiek, dirua irabazi asmoz, etxeei jartzen dieten prezio neurrigabea da arazoa. Hamar urtean Donostiako 3.375 gazte baino gehiago joan dira inguruko herrietara bizitzera, ezinezkoa egin dutelako hemen bizitza duina eraikitzea. Espainian onartu den Etxebizitza Lege berriak egoerari buelta emateko ematen dituen aukeren inguruan aritu gara hiriko eragileekin eta alderdiekin.
Donostia beti izan da hiri garestia. Hala diote behin eta berriz, ezker-eskuin, alderdi guztiek etxebizitzaren eztabaida ateratzen denean. Arazoa «betidanik» izan delakoan, soluzioak ezinezkoak dirudite, eta hala gabiltza, urtez urte, Euskal Herriko eta Espainiako hiri garestienetako batean bizitzen.
Azken egunotan, Espainiako Kongresuan onartu berri den Etxebizitza Lege berria dela eta, eztabaida mahai gainean dugu. Espainiako Gobernuko alderdiez gain, EH Bilduren eta ERCren aldeko botoak izan ditu legeak, eta Kaleratzeak Stop gisako mugimenduen babesa. EAJk eta PPk ezezkoa bozkatu zuten, eta kritikoki baloratu dute Maizterren Sindikatuek eta mugimendu sozialistaren Etxebizitza Sindikatuak.
Lege berria, «norabide onean»
Legearen aldekoek «nahikoa» ez dela dioten arren, «norabide onean» doala uste dute, eta EAEn 2015ean onartutako Etxebizitza Legearekin batera, arazo endemikoari irtenbidea emateko tresnak eskaintzen dituela uste dute.
EH Bildurentzat legearen alderdi positiboenetako bat da hiriak «tentsio handiko eremu» gisa izendatzeko aukera: «Tresna garrantzitsua da hau» Ricardo Burutaran zinegotziaren ustez, «errentak mugatzeko erabiliko delako».
Autonomia Erkidegoen esku geratuko litzateke tentsio handiko eremu izendatzeko aukera, eta, horretarako, bi baldintza bete beharko dira: hipotekaren edo alokairuaren batez besteko kargak, gastuak eta hornidurak gehituta, maizterren batez besteko errentaren %30 gainditzea, batetik; eta, bestetik, alokairuaren edo erosketaren prezioa KPIaren gainetik hiru puntu igo izana azken bost urteetan. Donostiako auzo guztietan, eta are, inguruko herrietan, aise betetzen dira bi baldintzok.
Kaleratzeak Stopeko Rosa Garciak «legea txalotu» du, «nahikoa ez den arren tresnak eskaintzen dituelako, eta 2015eko EAEko legearekin batera, aukera handiak ematen dituelako».
Donostiako Etxebizitza Sindikatuko Aitor Agirre eta Javi Sampedro kideentzat ere, legeak alderdi «positiboak» ditu. Aipatu tentsio handiko eremuez gain, higiezinei ordaindu beharreko ordainsariak etxejabeek ordaindu beharko dituztela nabarmendu dute, eta ez maizterrek, orain arte bezala.
«Data irekiko etxe kaleratzeak geldiarazten ditu, eta alokairuaren igoera mugatu egiten duela positiboa da», sindikatuko kideen ustez. Hala ere, «mugatua» da eragina: «Alokairuak kasik ez dira igoko, baina soldatak beherantz doaz, eta beraz, diru kopuru bera, edo gehiago bideratu behar dugu».
«Etxebizitzaren bi arazo nagusiei ez die aurre egiten beraz: garestiegiak direla, eta kaleratzeko arriskua». Sindikatuko kideen ustez, «barregarria» da egoera, «inguruan dugun krisia ikusita», dio Agirrek: «Gertaera historiko gisa saltzen digute, izugarrizko aurrerapausoa ere ez dena».
Lau urtean etxebizitzaren auzian «ezer ez egin izana» egotzi die Etxebizitza Sindikatuak alderdiei, eta, orain, «legea hauteskundeak datozenean ateratzeak, kanpaina egiteko aitzakia bat besterik ez dela» salatu dute.
Alderdien arteko xextran, EH Bilduren eta EAJren arteko ageriko desadostasuna agertu da. Donostiako EAJk azaldu duenez, legearen kontra bozkatu du arautzen dituen auzietarako lege propio bat izatea «ez delako beharrezkoa». Gainera, jeltzaleen arabera, Espainian onartu berri den Etxebizitza legea 2015ean EAEn onartutako Etxebizitza legearekin alderatuta, «garbi dago Euskadik onartutakoa aurretik doala». «Legearen aspekturik txarrena da zentralizaziorako duen joera», EAJren ustez: «Erabaki esparrua Euskaditik kendu eta Estatu mailara eramateko» inposaketa gisa ikusten dute legea.
EH Bilduk dio «benetako eztabaidan» ez sartzeko «aitzakia» dela hori: «EAEko legearen kontra bozkatu zuen EAJk. Azken finean, ez dutelako merkatu pribatua mugatu nahi», adierazi du Burutaranek. Donostiako EAJren ustez, «etxebizitzaren inguruan dagoen arazoari erantzuna emateko tresna nagusiena eskaintza sortzea da». Jeltzaleen arabera, Donostiari gertatzen zaiona da «eskaintza urria» dagoela, eta, honela, ezin zaiola erantzun egokia eman. Horregatik, «garapen berriak sustatzea» da udalaren lanik behinena, garapen horietan «babestutako etxebizitza portzentaia altuak jarriz, Estatuaren legea baino lehenagotik Euskadiko legeak horrela ezartzen duelako».
2015etik, 3.411 etxe berri
Ez alferrik, azken bi legegintzaldietan etxe mordoa eraiki da Donostian; 2015etik 2023ra 3.411 etxebizitza berri egin dira hirian: 1.993 libreak, eta 1.418 babestuak. Nahiz eta 2010-2020 aldian aurreikusitako etxebizitzen planifikazioan %60 baino gehiago babes publikokoak ziren, «eginikoaren %37 besterik ez da nolabaiteko babes maila bat duena», HAPOaren berrikuspenaren aurrerakin txostenean jasotzen denez.
Ondorengo hauek dira azken urteotan eraiki diren etxe berriak: Morlans, Zubiaurre, Txomiñenea, Antzieta pasealekua, Jolastokieta II eta Zarategi-El Pilar. Etxebizitza proiektu berriei dagokionez, hainbat dira hirian martxan dauden proiektuak, eraikitzeko prest batzuk, eta definitzeko fasean beste batzuk.
Onartutako hirigintza garapenen artean Infernua da esanguratsuena: 540 etxebizitza aurreikusten dira, horietatik 270 Babes Ofizialekoak eta tasatuak direlarik. Txomiñenea II deritzona da hurrengo handiena, egun Martuteneko kartzela dagoen eremuan 359 etxebizitza aurreikusten baitira. Hurrenez hurren, hona hurrengoak: Lorategi Hirian 292 (Loiola), Illarran 262 (Ibaeta), El Diario Vasco zegoen lur sailean 250 (Igara), Firestone fabrika zegoen tokian 248 (Añorga) eta Apostolutza ondoan 42 etxebizitza (Martutene).
Eskaintza handitzera
Datozen urteetan abiatuko diren proiektuek izugarri handituko dute etxebizitza eskaintza. Proiektu hauek «Epe ertain, luzean» eraikiko direla ziurtatu du Hirigintza Sailak, «HAPOaren berrikuspenak zehaztuko du zenbat etxebizitza izango diren zehazki, eta zenbat izango diren BOE eta tasatuak», baina hasiera batean hauek daude aurreikusita: Easoko trenbide inguruan 400 etxebizitza; Jolastokieta III (Herrera, Zardoya Otis eremuan), 380; Loiolako Kuarteletan 1.700 etxebizitza; eta Martutene auzoko Sarrueta (1.080 etxebizitza), Antzita (720 etxebizitza), eta beste 55 etxebizitza.
HAPOan aurreikusita dauden arren, badira «airean» diren hainbat proiektu. Horien artean dago, adibidez, Martuteneko Antondegi. Itxura guztien arabera ez da bertan etxebizitzarik eraikiko. Altzako Auditz Akularren kasuan ezberdina da; proiektua eraldatzea aurreikusten du udalak, besteak beste, egungo proportzioek ez diotelako errealitateari erantzuten. Amianto kutsadura agertu izanak ez du laguntzen, Burutaranen ustez. Airean dauden beste bi proiektu dira Egiako Aldakonean eta Mundaizen aurreikusten direnak. Egingo direla zalantzan jartzen ez den arren, egun ez dago inolako proiektu, ez aurreikuspenik.
Loiola-Martutenen, etxe berrien %66
Deigarria da aurreikusten diren proiektuen artean, Loiola eta Martutene artean kontzentratuko direla gehien-gehienak. Eraikiko diren 6.328 etxe berrietatik, 4.206 izango dira Loiola eta Martutene artean; hau da, %66.
Zalantzarik gabe, legegintzaldi honetako lorpen handienetako bat izan da Espainiako militarrak Loiolatik joateko udalak lortutako akordioa. Eta, oraingoz behintzat, alderdi guztiek ikusi dute begi onez bertan auzune berri bat sortzeko proiektua.
Eneko Goia alkateak akordioaren berri ematean honela definitu zuen: «Hiri baten historian gertatzen diren momentu berezi horietako bat da. Hiriaren etorkizuna markatzen duen pauso bat». Urumea ingurua, hiriaren «ardatz zentral» berri bat izango dela ziurtatu zuen.
Oraindik ez dago ezer erabakita, baina orain alderdi guztiek argi dute bertan ezin dela «lotarako auzo bat» sortu. Kultura, hezkuntza eta osasun ekipamenduak izatea sustatzea espero dute, hala nola, berdeguneak.
Gatazkak ugaritzen
Arazoak dauden tokian, gatazkak ugaritzen dira. Añorgan, adibidez, hainbat dira etxebizitza proiektuaren kontra antolatzen ari diren auzotarrak, Añorga Txikin izango duen eraginaz beldur. Onartu berri den Okendo Alde proiektuaren harira ere, Groseko eta Uliako hainbat bizilagun ari dira antolatzen; kasu honetan, Basque Culinary Center-en proiektua jartzen dute ezbaian, etxebizitzak baino gehiago.
Bestalde, azken urteotan, putre funtsen etorrerarekin, hainbat dira puntu beroak. Azora putre funtsak Inmobiliaria Vascongadako 320 etxebizitza erosi eta alokairu kontratuak garestitu edo eten egin ditu Amaran, Grosen eta Ategorrietako hainbat eraikinetan, bertako bizilagunen kaleratzea sustatuz.
Bentaberrin, Blackstone putre funtsak babes ofizialeko 520 etxebizitza erosi zituen, eta Eusko Jaurlaritzarekin hainbat elkarrizketa izan ostean, 2028ra arte alokairuan mantenduko dutela ziurtatu dute.
Etxebizitzaren egoera konpontzeko, funts putreak hiritik bota behar direla uste dute Etxebizitza Sindikatuak, Kaleratzeak Stopek eta EH Bilduk. Rosa Garcia ekintzaileak dioenez, alokairuari mugak jarri behar zaizkio horretarako.
«Antolakuntzan» jarri du arreta Etxebizitza Sindikatuak. «Soilik jabeek beldurra sentitzen badute aldatu daiteke egoera; enpresarien eta langileen arteko harremanean bezala. Gero eta antolakuntza handiagoa izan, gero eta beldur handiagoa, eta, beraz, gure eskubideak errespetatzeko aukera gehiago».
Hirian dagoen beste arazoetako bat babes ofizialeko etxe falta da. Hala pentsatzen dute elkarrizketatutako alderdi eta mugimenduek. Ordea, etxe berrietan «babestuak zenbat diren» da garrantzitsuena, Garciarentzat: «Etxegintzan 10.000 lagun inguru daude izena emanda Donostian, eta eskaintzak ez du inondik inora beharra asetuko».
EH Bilduko Burutaranek berdina uste du: «EAEko Legeak babestutako gutxienekoa markatzen du, [%40a] baina hori bakarrik ez da nahikoa». Tasatuen egoera «kezkagarria» dela uste du gainera, «prezio altuak dituelako eta ez du inondik inora ere bete beharko lukeen papera betetzen».
Alokairua, urgentziazko arazoa
2017ko apiriletik 2022ko irailera, %23,26 hazi da metro koadroaren alokairuaren batez besteko prezioa Donostian: 12,9 eurotik 15,9 eurora. Hiriko maximo historikoa da hori, eta, hain zuzen horregatik da urgentziaz heldu beharreko eztabaida; bizitzea kasik ezinezko egiteaz gain, hiriko ehun komertzial eta asoziatiboa suntsitzen ari delako: hamarnaka dira azken urteotan ixten ari diren denda eta tabernak, besteak beste, alokairuaren eraginez.
Onartu den lege berriaren harira, Garciak etxe jabe txikien inguruan ezer ez erregulatzea kritikatu du: «Jabe handien espekulazio logika bera erabiltzen baitute jabe txikiek ere, eta Donostian nabarmena da». Edonola ere, uste du EAEko legea eta Espainiakoa osagarriak direla, eta tresna garrantzitsuak eskaintzen dituela: «Alokairua erregulatu daiteke, baita etxe hutsekin proposamenak garatu bi legeei esker. Benetako eztabaida da interesa dagoen». Hori da jokoan dagoena: etxebizitza denontzako eskubidea den edo negoziorako merkantzia.
Espainiako Gobernuak EH Bilduren eta ERCren babesarekin egindako lege proiektuaren helburua da «etxebizitza duin eta egoki baterako sarbidea izateko eskubidea bermatzea». Autonomia erkidegoetako etxebizitza politikei «arau esparru koherente, egonkor eta seguru bat» emango die legeak, testuak berak dioenez.
ALOKAIRU IGOERAK
Tentsio handiko eremuetako jabeek %2 igo ahalko dute alokairua aurten, eta %3 2024an. 2025eko indizea erabakitzeko dago oraindik, baina KPIaren azpitik egon beharko du.
TENTSIO HANDIKO EREMUAK
Tentsio handiko eremuak ezartzeko bi baldintza egongo dira, eta bata zein bestea betetzen bada, nahikoa izango da leku jakin batzuk horrela izendatzeko. Batetik, hipoteken edo alokairuen kostua —gehi gastuak— familien batez besteko errentaren %30 baino handiagoa izatea; eta, bestetik, etxebizitzaren salmenta edo alokairu prezioa gutxienez KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana tentsio handiko eremu izendatu aurreko bost urteetan.
JABE HANDIAK
Erkidegoek jabe handien definizioa aldatu ahalko dute. Orain, hamar higiezin edo gehiago dauzkatenak hartzen dira jabe handitzat, baina lege berriarekin, bost higiezinetan jarri ahalko da langa tentsio handiko eremuetan. Derrigortuta egongo dira administrazio publikoekin elkarlanean aritzera, legearen arabera
MAIZTERREN BABESA
Legeak aurreikusten du jabeak ordaindu beharko dituela etxe agentzien gastuak alokairuen kasuan, eta ez maizterrak. Nahiz eta kontratua eta maizterra berria izan, jabeek ezingo dute alokairua indizearen gainetik igo tentsio handiko eremuetan. Maizterrek dokumentazioa eskatu ahalko diote jabeari, egiaztatzeko ez dela ari iruzurrik egiten..
ETXEGABETZEAK
Etxe kaleratzearen data eta ordu zehatzaren berri izan beharko dute etxe horretan bizi direnek, legez, Etxebizitza Legearen ondorioz.