Koldo Mitxelena literatur lehiaketan 25 lan saritu eta beste 20 lanek aipamen berezia jaso dute
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako 2023ko irabazleak saritzeko ekitaldia egingo du bihar, 12:00etan, Donostiako Udaletxeko osoko bilkuren aretoan. 34. edizioan 25 lan saritu dira eta 20 lanek jaso dute aipamen berezia. Parte hartzeari dagokionez, arrakastatsua izan da oso, 1.307 lan aurkeztu baitira aurten, pandemiako urteetan izan den igoerari eutsiz. Orotara, 21 ikastetxetako ikasleek parte hartu dute.
Urtero moduan, saridunak izango dira biharko ekitaldiko protagonista nagusiak. Udal txistularien bandaren harreraren ondoren, Sara Cozarrek aurkezpen lanak egingo ditu; Iñaki Salvadorrek eta Olatz Salvadorrek musika dotorez apainduko dute ekitaldia, eta epaimahaiko kideak ere bertan izango dira lanak irakurtzen, erakusten eta kantatzen laguntzeko. Jon Insausti euskara eta kultura zinegotzia ere bertan izango da aurtengo saridunak eta aipatuak zoriontzeko.
Saritutako lanak –sei komiki, hiru olerki, zazpi ipuin, lau bertso eta bost mikroipuin– liburuxka batean bildu dira, eta www.donostiaeuskaraz.eus webgunean ikus daitezke. Epaimahaiaren aipamen berezia merezi izan duten lanen zerrenda ere argitaratu da; hogei lan, guztira. Epaimahaiko kideak, berriz, ondorengoak dira: Iñaki Martinarena Mattin komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta Yolanda Arrieta, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleak.
Opariak eta sari berezi bat
Aurten ere, 14-18 urteko kategorietako irabazleek literatura lantegi batean parte hartzeko aukera izango dute. Kategoria honetako bost irabazlek Arantzan egingo den lantegian parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzaren Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazleekin batera. Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkariaren esanetan “lantegi horretan literatur zaletasuna duten gazteek elkar ezagutzeko aukera izango dute eta egun zoragarriak igaroko dituzte. Aukera ezin hobea izango dute aisialdiaz eta literaturaz gozatzeko”.
Bestalde, irabazle guztiek kulturarekin zerikusia duten produktuak jasoko dituzte: liburuak, ebookak, margotzeko materiala, tabletak eta abar. Aipatuek, diplomaz gain, 50 euroko bono bana jasoko dute kultur produktuak erosteko.