Metalgintzako hitzarmena lortzeko lanean jarraituko du LABek
Gaur goizean LAB sindikatuko delegatu batzarrak ezezkoa eman dio aho batez maiatzaren 2an Adegik Gipuzkoako metaleko mahaian egin zuen proposamenari. “KPIa ez da bermatzen, lanaldi murrizketari buruzko eztabaida erdigunean dagoen honetan bi orduko murrizketak ez dio erantzuten lan eta bizi baldintzak hobetzeko beharrei, eta malgutasunean eta lan osasunean proposamenik ez egotea atzera pausoa da”, adierazi du LABek.
Azken negoziaketa bileran Adegik “ustezko proposamen osoa” aurkeztu zuen, “LABek behin eta berriro egiteko exijitu diona”, eta gainera “behin betikotzat eman zuen”, negoziaketarako tarterik utzi gabe. LABek onartezintzat jo zuen eginiko lehengo proposamena azkena izatea. Hala, sindikatuarentzat orain hasten da benetako negoziaketa. Gipuzkoan sektoreko datuak onak direla eta proposamen hori hobetzeko aukera dagoela ikusita, erraza izango ez den arren, soilik borrokaren bidez lor daitekeela nabarmendu du.
LABek greba deialdi hauek adostu ditu datozen astetarako. Maiatzaren 24an, 25ean, 31n eta ekainaren 1ean, 14an eta 15ean.