Sagardo Egunarekin datoz Txanpontxo jaiak
Iritsi dira Donostiako udaberriko lehenengo jaiak: Bidebietako Txanpontxo jaiak. Hilaren 11tik 15era izango dira, eta urteroko jarduera arrakastatsuekin zein hainbat berritasunekin datoz.
Urtebeteko itxaronaldiaren ondoren, Guardaplata bidetik jaisteko prest eta irrikaz dago Txanpontxo, Bidebieta lau egunez jai giroan murgiltzeko. Hilaren 11n hasiko dira jaiak, eta, igandera arte, jaiak ez du etenik izango, haur, gazte zein helduentzako askotariko jarduerekin. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, aurten ohi baino hobeto joan da jaiak antolatzeko prozesua, denborarekin hasi zirelako antolatzen: «Urtarrilean hasi ginen txarangekin eta musika taldeekin lehenengo harremanak egiten, eta horrela dena askoz errazagoa da, nahiz eta udalak gero eta izapide gehiago eskatzen dizkigun». Hala ere, jai batzordean kide gutxi daudela deitoratu dute: «Ohiko legez, gutxi gabiltza batzordean, baina moldatzen gara. Egia da auzoko hainbat elkartek laguntzen digutela, eta jaietan jende mordoak botatzen digula esku bat».
Iaz, Txanpontxo jaiak koronabirusaren aurkako neurririk gabe ospatu ziren lehenengo jaietarikoak izan ziren Donostian, eta hori nabaritu zen, jai batzordekoen arabera: «Jendea gogoz zegoen, auzoetako lehenengo jaietarikoak zirelako, eta oso ondo joan zen dena, sekulako giroa izan genuen auzoan. Gainera, eguraldi ederra egin zuen!».
Hainbat berritasun
Bidebieta jai giroan murgiltzeko, zenbait jarduera estreinakoz antolatu dituzte aurten, besteak beste, kirol arloan: «Urtero, Bera Berak eskubaloiarekin lotutako jarduerak egiten ditu, gaztetxoen artean kirola sustatzeko. Aurten, berritasun gisa, Askatuak saskibaloi taldekoak ere prest agertu dira horrelako zerbait antolatzeko, eta saskibaloi jarduerak egingo dituzte, gaztetxoentzat. Horrez gain, aurten, herri kirolen erakustaldian parte hartuko duten guztiak neskak izango dira: aizkolariak, harri jasotzaileak, eta abar. Hainbat aldiz saiatu gara neskak ekartzen, eta azkenean aurten lortu dugu».
Beste berritasun bat ere nabarmendu dute jai batzordeko kideek: Sagardo Eguna. Azaldu dutenez, auzoan egin izan dute, baina jaietan estreinakoz egingo dute: «Auzoko tabernek antolatu dute, eta taberna bakoitzak bere lokalaren kanpoaldean jarriko du postua. Hamar bat sagardo mota dastatzeko aukera izango da, eta postu guztietan pintxoak ere eskainiko dituzte».
Bestalde, jaietako jarduera gehienetan suziriak botatzeko ohitura dagoela azaldu dute jai batzordekoek, baina aurten horrekin bukatzeko erabakia hartu dute: «Suziriek kalte egiten dietenez animaliei eta pertsona batzuei, aurten erabaki dugu soilik traka bat botatzea jaien hasiera eta beste bat bukaeran. Egitasmoak harrera ona izan du auzoan, sareetan ere zabaldu dugu, eta ez digu inork esan gaizki iruditzen zaionik».
Ohiko jarduerak ere antolatu dituzte
Berritasunez gain, Txanpontxo jaietako jarduera arrakastatsuenei ere heldu diete aurten: «Txanpontxo Rock egingo dugu ostiralean, urteroko legez. Eta, larunbatean, DJ saioa egongo da. Diskofesta ere egongo da larunbatean gaztetxoentzat, gaztelekuak antolatutako jolasak ostiralean eta larunbatean, eta abar. Jubilatuentzako jarduerak ere badaude, besteak beste, miss eta mister lehiaketa».
Ohiko mozorro lehiaketa ere egingo dute, eta aurtengo gaia Disney izango da: «Horregatik, kamisetaren diseinuak Disneyren estiloa jarraitzen du, eta auzoko blokeetako bat agertzen da».
Jai batzordekoen arabera, Txanpontxoren jaitsierarekin batera, herri bazkariak eta afariak izaten dira jende gehien erakarri ohi duten jarduerak, eta aurten ere oturuntza egiteko aukerak izango dira Bidebietan: «Ostiralean paella jango dugu, larunbatean txerri ukondoa eta igandean ohiko sardina jana egingo dugu. Gainera, sardina janaren ondoren, jaiak ondo bukatzeko, DJ saio bat antolatu dugu. Izan ere, askotan ematen du sardina janaren ondoren mundu guztia etxera doala, baina aurten dantzan bukatuko ditugu jaiak».