Marisol Garmendiak argi du: "Ez Izagirre, ez Goia. Donostiako hurrengo alkatea Marisol Garmendia izango da"
lbisEkitaldia egin du Marisol Garmendia PSE-EEko alkategaiak Altzan. Bertan, Donostiarako “lidergo” berri bat aldarrikatu du, eta lehen emakumezko alkatea izango dela aldarrikatu du beste behin ere: “Lidergo berri bat behar dugu, emakume baten eskutik datorrena: Marisol Garmendia, Donostiako historiako lehen [emakumezko] alkatea”.
“Emakume-lidergoa, hurbilekoa, donostiarrei entzuten diena, haien lekuan jartzen dakiena, akordioa eta adostasuna bilatzen dituena, sen onetik, donostiarrak erotu gabe, azken trafiko aldaketekin gertatzen ari den bezala, zalantzarik gabe, alkate naizenean atzera botako dudana”.
EH Bilduren alkategaiaren kontrako iritzia eman du. Adierazi duenez, Juan Karlos Izagirre ez da Donostiak behar duen alkatea, Izagirre “iragana” delakoan. Izagirrek alkate gisa izan zuen politika “negargarria” zela adierazi du hautagai sozialistak; “Beretarrentzat bakarrik izan zen alkate, ez guztiontzat. Beti esan zuen ez zela Donostiakoa, Igeldokoa baizik, eta horregatik ez zuela donostiarrentzat gobernatu. Pasabidea bezalako milioi askoko inbertsioei uko egin zien, Donostiako zaborren arazoa luzatuz erraustegia geldiarazteko ahaleginak eta ezinak egin zituen, autobus geltokia atzeratu zuen…”.
Goiari buruz ere mintzatu da, bere lidergoa “grisa” dela esanez, hirirako “anbiziorik gabea”. Hitz gogorrak izan ditu Goiarentzat, udal gobernua partekatzen duten arren: “Ez du jendea entzuten, ez die kasurik egiten. Ez du zuzentzen”.
Marisol Garmendiak “Donostia aberastu eta hiria egiten duten auzo guztien protagonismoa” aldarrikatu du Altzan: “Auzo guztiek, auzotar guztiek, egiten dute Donostia. Guztien alkate izango naiz”. “Nik Donostiaren etorkizunaren buru izango den alkatea izan nahi dut, hurbiltasunetik, entzutetik, hiri handinahikeria eta donostiar harrotasuna erakusten duen horretatik. Donostia kulturaren, kirolaren, musika ikuskizunen eta politika berritzaileen hiriburu gisa merezi duen lekura itzuli nahi dut”, adierazi du.
Garmendiak optimismo dosi handi batekin bukatu du ekitaldia: “Lortuko dugu. Denon artean Donostia hobea egingo dugu, eta [emakumezko] alkate baten eskutik egingo dugu. Argi gera dadila: ez Izagirre, ez Goia. Donostiako hurrengo alkatea Marisol Garmendia izango da”.