Askatasun politikoak defendatu ditu Itaiak, Osakidetzako garbitzaileen greban
Otsailaren amaieratik greban daude Osakidetzaren azpiegituretako garbitzaileak. Apirilaren 26tik maiatzaren 16ra, beste hiru asteko lanuztera deitu zuten LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek Osakidetzako garbiketan, eta ELA bere kabuz ari da antolatzen. Itaiak salatu duenez, borrokaldia abiatu zutenetik, oztopoak izaten ari dira garbitzaileak: “Polizia oldartu zaie, propaganda politikoa egiteko oztopoak izan dituzte eta Jaurlaritzaren aginduz bi aldiz Donostiako Ospitalea garbitu da, greba eskubidea urratuz”.
“Krisi testuinguruan, bizi baldintzen okertze orokor bat ematen ari den heinean, Osakidetzako garbitzaileen egoera ez da kasu isolatua”, Itaiaren ustez. Emakume langileen lan baldintzak are eta gehiago ari dira okertzen emakume sozialisten iritziz: “Enpresa handiek gero eta etekin gehiago ateratzeko baldintza prekarioak beharrezkoak dituzten bitartean, Osakidetza bezalako instituzio publikoek aitortza sozial batetik haratago, lan baldintzen hobekuntza bat bermatzeko borondaterik ez dute”. Egoera horretan, askatasun politikoen aurkako eraso hauen bitartez indarrak batu eta hobekuntzak lortzeko antolakuntza aukerak deuseztatzen dira.
Bitartean, Osakidetzak babestuta, garbiketa lanetarako azpikontratatuta dauden Garbialdi eta Optima Facility enpresak emakume langileek dituzten lan baldintzen kontura “aberasten” ari dira Itaiaren ustez: lau urtez garapen profesionala ordaindu gabe, zehaztutakoa baina ordu edo lan gehiago eginaraziz, errelebo kontraturik gabe. Saaltu dutenez, gainera, bitartean, aipaturiko enpresa hauek 2021.urtean 100.000.000 euro baina gehiagoko diru sarrerak izan dituzte.
Itaiak esan duenez, “modu isolatuan eta babesik gabe” ari dira antolatzen langileak, eta haiek babesteko, “lan baldintzen hobekuntza eskubide politikoen defentsarekin batera borrokatzea da berme bakarra”. Bide horretan, “emakume langileen ardura da, langile elkartasuna ardatz izango duen, eta instituzio eta enpresariekiko independentea izango den langile batasuna gorpuzteko antolatzea” da Itaiaren proposamena.