Aurrena tragedia gisa eta hurrena fartsa gisa
“Hegelek nonbait dio historia unibertsaleko gertakari eta pertsonaia handi guztiak bi aldiz gertatzen direla nolabait. Baina atzendu zitzaion eranstea aurrena tragedia gisa eta hurrena fartsa gisa jazo ohi direla”. Karl Marxen esaldi ezaguna euskaraz dugu azkenean; Idoia Santamaria itzultzaileak (Donostia, 1962) Karl Marxen Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia lana euskaratu du, Igela argitaletxearekin.
Marxen liburu ezagunetariko bat dugu hau, filosofo alemaniarra kazetari lanetan zebilenekoa. 1848ko Frantziako Iraultza eta bigarren errepublika frantsesean langile matxinadak gertatu zirenean. 1952an ‘Rebelion’ aldizkarian gertakarien berri eman zuen, eta 1869an argitaratu zuen liburu formatuan. Brumairea –edo Laiotea–, Frantziar egutegi errepublikarreko bigarren hilabetea da, hain zuzen, Napoleonen estatu kolpea jazo zen hilabetea.
XIX. mendeko iraultzetatik ikasiz
Gogoeta honetatik abiatuta, XIX. mendeko iraultza saiakerak aztertzen ditu Marxek, eta, honela, iraultzari, estatuari eta historiari buruz dituen ideiak aurkezten ditu, gerora materialismo historiko gisa ezagutuko den metodoa erabiliz.
Marxen iraultzaile sena ezin hobeto islatzen da hemen, aurrekoarekin apurtzearen beharraz: “Gizakiek beren historia egiten dute, baina ez nahi bezala, arbitrarioki, berek aukeratutako zirkunstantzietan, baizik eta lehendik ere badauden eta iraganetik zuzenean heldu diren zirkunstantzietan. Hildako belaunaldien tradizioa mamu bat bezain astuna da bizirik daudenen garunean”.
Irudi dezake duela 150 urte idatzitako kronika liburu batek bere interesa galdua duela. Bada, hain zuzen, harrigarria da nola erabat berria den iraultza saiakera baten bidez [lau urte atzera jazotakoak] kontatzen diren kasik gaur egunerako balio duten gertaera eta irakaspenak. Baita Marxek ordezkatzen duen jarrera etiko berritzaile eta apurtzailea: “XIX. mendeko iraultza sozialak ezin du iraganetik hartu poesia, etorkizunetik baizik”.
Lan honekin Igela argitaletxeak ‘Ordu urdina’ izeneko bilduma berri bati eman dio hasiera. Egitasmo honen baitan literaturaren ertzean geratu ohi diren kronikak, memoriak edota eskutitz trukeak aurkeztuko dira.