Donostiako alkate berria aukeratzeko atzerako kontua hasi da
Gaur hasi da ofizialki udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina. Hautagaiek bi aste luze dituzte aurretik, konbentzituta ez dagoena konbentzitzeko proposamen eta promesa berriekin. Iluntzean, ekitaldiak egin dituzte Donostiako alderdi nagusiek eta “ilusioa” erakutsi nahi izan dute denek.
Errealitatean, ordea, aldaketarako aukera gutxi atzeman daiteke hirian; inkesta guztien arabera, EAJk bere marka hautsi, eta aise irabazitakoa, errazago irabaziko luke aurten. Itxura guztien arabera, Eneko Goiak gobernatuko du hiria datozen lau urteotan.
Koalizio gobernua?
Galderetako bat da zein gobernu osatuko duen. Izan ere, azken bi urteotan Gipuzkoan eta EAEn errepikatutako formula bera erabiltzea aurreikusi daiteke (EAJ + PSE-EE), baina azken hilabeteotan, bi alderdien arteko harremanak tentsioan direla dirudi. Marisol Garmendiak “agintaldi grisa” leporatzen dio EAJri, eta, batez ere mugikortasun arloan egin dizkio kritika garratzenak.
Garmendiak zin egin du, bera alkate izango denean –”Donostiako lehen emakume alkatea”–, Erdialdean egindako aldaketak atzera botako dituela. Tamainako erabaki polemikoa inork gutxi aurreikusten duen arren, esanguratsua da Goiari azkura egiten dion zaurian gatza botatzen aritzea. Are gehiago, gobernukide direnenean.
Edonola ere, inkestek emaitza apalak aurreikusten dizkiote PSE-EEri. Desberdina zatekeen, akaso, Odon Elorza alkategai izango balute. Alderdia kontra zuen arren aurkeztu zen Elorza, eta hain zuzen, alderdia kontra izanagatik, galdu zituen primarioak Garmendiaren kontra. “Berritasuna” erakutsi nahi dute sozialistek Garmendiarekin, udalean urteak daraman arren lehen aldia delako alkategai aurkezten dena. Edonola ere, odonzaleek –egon badirelako hortik ez bat, eta ez bi– penaz hartuko zuten albistea, eta ikusi beharko eraginik ba ote duen bozetan.
EH Bildu
EH Bilduk bai, EH Bilduk lortu du bere alkate ohia berriro aurkeztea. Juan Karlos Izagirre, 2011-2015 urteetan alkate izandakoa aurkeztu da zerrendaburu, eta honek, arnas pixka bat eman dio indar subiranistari. Izan ere, kritika gogorrak jaso zituen arren, beti agertu da “harro” egindako lanaz, eta hautagai maitatua da zaleen artean. Edonola ere, ez dute zerrendan aldaketa esanguratsurik, eta, honek, normalean, aldaketa esanguratsurik ez ekartzea dakar.
Inkesta batzuek EH Bilduren gorakada ematen badute ere, zaila dute Goiaren hegemonia apurtzea, are gehiago koaliziorako hautagai errealik ez denean. Hiri ereduaren arteko eztabaida du alde EH Bilduk: etxebizitzan eta turismoan, bereziki, eredu zeharo ezberdinak proposatzen dituztelako jeltzaleen aurrean, eta donostiarren kezka nagusietako bat direnean.
Elkarrekin Podemos eta PP
Sorpresarik ezean, bi alderdiok sartuko dira udaletxera. Hiriko politikagintzan pisu errealik izan ez dutenez gero, eta Madrili begira hanka eta erdi dutenez gero, Espainian gertatzen denaren oihartzuna izan ohi dute gurean ere. Gauzak horrela, Elkarrekin Podemos koalizioak beherakada nabarmena izango duela aurreikusten da.
PPren kasuan, antzeko. Kritiketan aditua den Borja Corominasek udal gobernuari egurra ematen dion arren, ez da sekula gobernu alternatiba bat proposatzeko gai izan. PP ohituta dagoen botere kuotarik ez duelako hirian, eta koaliziorako aukerak, gaur gaurkoz, ezinezkoak zaizkiolako.
Hori bai, kanpainan zer esana emango duela ziurra da. Segurtasunaren gaia erdigunera ekarrita, Egia auzoa jo puntuan dute eta aspalditxo popularrek, eta, nahita edo nahigabe, diskurtsoan xenofobia ukitu batzuk sartzen zaizkie tarteka-marteka.
Jarraipen berezia
Esanak esanda, datozen egunotan ikusiko ditugu bost hautagaiok batetik bestera, aipatu proposamenak eginez. Ahaztutako auzoentzako azpiegiturak, proiektu faraonikoren bat eta irri mordoa. Ezer berririk ez, gaur gaueko 00:00etan afixak paratzeko sasoia abiatu den arren, hilabeteak daramatelako hautagaiek batean eta bestean hauteskunde kanpainan.
IRUTXULOKO HITZA-n, jarraipen berezia egingo diogu kanpainari, beren-beregi sortutako atal honetan. Hautagaiei elkarrizketak, inkestak, kronikak eta analisiak bilduko ditugu datozen asteotan.
🎥 Donostia, aurrera batera!
— EAJ PNV DONOSTIA (@DonostiaPNV) May 11, 2023
💙 Gora Donostia!#aurrerabatera #baterabagera #Donostia #SanSebastian pic.twitter.com/G1lB63qDlY