"Ibilgailu pribatuak bidegorri eta autobus erreien kontura espazioa irabazten duen hiri eredu hau ez da nahi duguna"
Erdialdeko bizilagunen eta merkatarien hainbat elkarteen artean errekurtsoa jarri dute EAEko Auzitegi Nagusian San Bartolomeko plan bereziaren proiektuaren aurka. Kalapiek errekurtsoaren alde dagoela eta elkarte hauek esandakoarekin bat egiten duela adierazi du: “Proiektu honek eragin oso negatiboak izango ditu hiritar guztiontzat, areagotu egingo ditu jada zentroak dituen trafiko arazoak, eta gainera, politikari guztiek defendatzen duten hiri jasangarriaren ereduaren aurka doa argi eta garbi”.
Hirian “mugikortasun aktiboagoa, osasungarriagoa eta seguruagoa” sustatzen duen elkarte gisa, kezka nagusia “errotazioko 200 aparkaleku” eraikitzea da.Txandakako plazek hiriko trafikoan sortzen duten zeharkako arazoa salatzen du Kalapiek: “Aparkaleku horiek auto ugari erakartzen dituzte hiriaren erdigunera, eta gaur egun denek ezagutzen dituzten ondorio negatiboak sortzen dituzte (auto-ilarak, zaratak, kutsadura atmosferikoa, klima-aldaketa, espazioaren okupazioa, etab.)”. Sortzen duten “iman efektuaren jakitun”, hiri askok aparkaleku plazak kentzea erabaki dute, eta Oslo jarri dute adibide gisa. Hiri honetan, aparkalekuak kentze hutsarekin hiria goitik behera transformatu dutela uste du Kalapiek.
Politikarien diskurtsoan kontraesan argi bat ikusten du Kalapiek: “Mugikortasun iraunkorra sustatzeaz, autoak erdigunetik ateratzeaz eta erabilera murrizteaz hitz egiten duten arren, errealitatean, ibilgailu pribatuarentzat azpiegitura gehiago eraikitzearen aldeko apustua egiten jarraitzen da”.
Kalapiek salatu duenez, udaleko mugikortasun sailak berak parkingaren inpaktua aztertzen zuen txosten batean ohartarazi zuen proiektu horrek eragin “negatiboa” izango zuela Easo kaleko trafikoan, eta gainera, “bizikleta eta garraio publikoa izango zirela kaltetuak”. Kalapiek Erdian Biziz auzo elkarteari esker eskuratu ahal izan ditu txosten hauek. Bertan egiaztatu ahal izan dutenez, aparkalekura sartzeko arrapala bat jarri ahal izateko, bidegorria aldez aldatu beharko litzateke eremu horretan, eta ibilbidea aldrebestu, autobus erreia erabat desagertuko litzatekeen bitartean.
“Ibilgailu pribatuak bidegorri eta autobus erreien kontura espazioa irabazten duen hiri eredu hau ez da garbi eta argi Kalapietik sustatu nahi dugun hiri eredua”. Azaldutako guztiagatik, errekurtsoa babesteaz gain, eta epaileek esango dutenaz haratago, gobernuari –gaur egungoa eta datorrenari– eskatu diote “gaian esku har dezan eta herritarren gehiengoak gaitzesten duen proiektu hau geldiarazteko modua bila dezan”.