Morlansko jaiak bueltan datoz, poteo elegante eta guzti
Morlansko jaiak ez dira hiriko ezagunenak, baina bertan egon denak badaki auzokideek badakitela ondo pasatzen. Urtez urte egitaraua gutxika zabalduz, jai ederrak antolatu dituzte aurten ere. Faroltxoak piztuko dituen jaiak, noski.
Faroltxoa gora, faroltxoa behera, beste urte batez abiatuko dira Morlansko jaiak datorren asteburuan. «Dena prest» dute, edo «prestatu bidean», Jai Batzordeko Asier Aguilar Ostolazak azaldu digunez (Morlans, 2004).
Lehen urtea du Aguilarrek jai batzordean eta inguruan «gogo» handia nabaritzen duela onartzen du. Jai Batzordean egon ez arren, auzokideek jaietan asko laguntzen dutela onartzen du, eta horrela antolatzea askoz ere errezagoa dela.
Izan ere, Morlans auzoa ez da bereziki handia, eta jaiak «xumeak» izanagatik, ez dute beren xarma galtzen. Jai Batzordearekin batera, elkarte eta komertzioek ahalik eta gehien laguntzen dutela uste du, «Super Amarak, adibidez, txokolate janerako produktuak emango dizkigu». Denek euren aletxoa jartzen dutela eskertzen du Aguilarrek.
Ostiralean martxan
Datorren ostiralean, maiatzaren 19an, abiatuko dira jaiak, hain zuzen, haurrentzako txokolate janarekin. 18:30ean faroltxoa piztu eta abiatuko da jaia, ohikoa bihurtu den diskofesta, sardina jana eta kontzertuekin. Alargun Beltzak emakumez osatutako elektrotxaranga arituko da iluntzean, «auzoan ia tradizioa» bihurtuko dena. Eta trdizioari jarraituz, rock gaua izango dute lehen egunean: Therror 73 eta The Soulbreaker Company izango dira. Horren ostean, txosnetan jarraituko dute rock doinuek.
Yoga jaietan
Yoga tailerra izango da aurtengo jaien berritasunetako bat. Agilarrek onartzen du ez dela ohikoa halako eskaintza bat izatea jaietan: «Yoga Shalakoek antolatu dute; auzoan dagoen yoga estudio bat da. Jaietan parte hartu nahi zuten eta zer hoberik yoga klase bat ematea baino!». Eguna hasteko ezin aproposagoa, ondoren datorrenerako indarrak hartzeko balioko duena.
Lagun artean kozinatu ostean, dator aurtengo jaietako berritasun handiena: poteo elegantea. Antiguan faltatu ezin daitekeen tradizioa dena, Morlansen ere egiten zen duela urte batzuk. Orain berreskuratuta, auzoari glamour ukitu bat emango dio larunbatean zehar.
Faroltxoa, auzoaren ikur
Faroltxoaren jaitsiera da Morlansko jaiei hasiera ematen dien ekitaldia. Auzoaren historiari keinu bat egin nahian Morlansko bizilagunek asmatu eta urtez urte errepikatu duten ohitura da.
Auzoko gas fabrikaren garaiko kale-argietan du bere oinarria. Bizilagunek hala eskatuta, udalak auzoko faroltxo historikoen antza duten kale-argiak mantendu zituen Morlansen, hiriko beste auzoetan ez bezala. Hori dela eta, auzo elkarteak ikur gisa hartu zuen faroltxoa, eta festetako sinbolo modura erabiltzea erabaki zuten.
Beheko Morlansek goiko auzo zaharrarekin duen lotura mantentzeko balio du faroltxoaren jaitsierak. Izan ere, jaietako egitasmo gehienak Leire plazaren inguruan egiten diren arren, auzoko festei hasiera ematen dion ekitaldia Morlans zaharretik abiatzen da urtero, trikiti doinuaz lagundurik, Leire plazara iritsi arte. Hor, faroltxoa izaten dute zain, eta bertsoen artean, jaiak amaitu arte auzotar guztiak batuko dituen argia pizten dute Morlansko bizilagunek.
Aguilarrek argi du, «lan guzti honen ostean, disfrutatzea tokatzen zaigu orain».