Parte Zaharreko bizilagunek lo egiteko eskubidea aldarrikatuko dute performance baten bidez
Clown eta aktore batzuek parte hartuko dute; sudur gorria eta pijama jantzita, kalera aterako dira adierazteko etxean ezin dutela lo egin.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak eta 7 Ordu Lo plataformak antolatuta, zarataren aurka protesta egingo dute maiatzaren 25ean. Egunero sufritzen duten arazoaren kontra protesta egiteko beste modu bat bilatzen saiatu dira, eta iaz Bilboko Ledesma kalean egin zuten performance bat hartu dute abiapuntu moduan: “Zerbait atsegina egin nahi genuen, eta jendearengana beste modu batean iritsi. Batzuek jada normalizatu egiten dute gure egoera, eta horri aurre egiteko beste modu bat bilatu nahi genuen”, adierazi dio Irutxuloko Hitzari Kattalin Ansorenak, Parte Zaharreko bizilagunak.
Santa Maria elizatik abiatuko dira 19:00etan, eta Plaza Berrirantz abiatuko dira. Virginia Imaz clown donostiarrak gidatuta egingo dute; berak gidatu zuen Bilbokoa. Klara Mendizabal sopranoak eta Iker Lauroba abeslari eta gitarristak goxo-goxo ireki eta itxiko dute protesta isil hau. Hogei bat pailazo inguruk parte hartuko dute eta pijama jantzita kalera irtengo dira lo egiteko asmoz, “adierazteko gure etxeetan ezin dugula lorik egin”. Hauen artean aurpegi ezagun batzuk ere izango dira.
Joan den apirilaren 26an, Zaratari Buruzko Kontzientziazioaren Nazioarteko Egunean, iragarri zuten zarataren aurkako mobilizazio gehiago egingo zituztela, eta maiatzaren 25ekoa izango da horietako bat. Bizilagunen asmoa da egun horretan urtero egitea “pijamada bat”.
No me vais a creer pero un grupo de clowns (7 Ordu Lo) 🤡vestidos de pijamas y con almohadas ha estado esta tarde en la calle Ledesma de #Bilbao repartiendo abrazos, durmiendo y concienciando sobre los efectos del ruido en horarios de descanso. pic.twitter.com/SNBeIi7V5T
— Ecuador Etxea (@EcuadorEtxea) March 30, 2023
Clown eta aktoreek ibilbidean zehar informazioa banatuko dute, eta hiru aldarrikapen nagusi plazaratuko dituzte: “Udalari eskatzen diogu gure atsedenerako eskubidea berma dezan; ostalariei eta dendariei Parte Zaharrean errespetuz lan egin dezaten; eta bisitan datozenei eskatzen diegu gure hiriaz gozatzeko baina modu eredugarrian”.
Beste auzoetako batzuk ere batuko zaizkiela adierazi du Ansorenak. Beste auzo batzuetan ere hasi direlako zarataren eraginak nabaritzen. “Parte Zaharrean aspalditik daukagu arazo hau, eta gu gara auzorik masifikatuena. Etengabeko zarata dago auzoan. Egunero, eta udan goizeko ordubiak arte. Ondoren, goizeko seirak aldera auzoan sortzen den zabor guztia jasotzen hasten dira. Atseden hartzeko oso ordu gutxi uzten dizkigute. Gehiegizkoa da jasaten duguna”, salatu du Ansorenak.