Elkarrekin Podemosek hiriarentzako Mugikortasun Plana aurkeztu du
Hauteskunde kanpainako gai esanguratsuetako bat mugikortasuna izango da. Kanpaina aurretik alderdi gehienek izan zuten hizpide, eta behin abian dela, gaian sakontzen hasi dira. Elkarrekin Podemosek Donostiarentzako Mugikortasun Plana aurkeztu du gaur goizean Herreran. Ezkerreko koalizioaren ustez, hiriak aldaketa kultural bat behar du hiri mugikortasunean.
Victor Lasa alkategaiak plan honetan jasotzen diren neurri batzuk azaldu ditu; besteak beste, autorik gabeko igandeak ezartzea. Egitasmo hori pixkanaka aplikatuko litzateke, hilabete bakoitzeko lehen igandearekin hasita, eta txandaka ezarriko litzateke Donostiako auzo bakoitzean. “Donostiako mugikortasun ohiturak aldatzeko eta hiria osorik birdiseinatzeko prozesu osoa gardentasunez, enpatiaz eta parte hartze demokratikoz egin behar da. Helburua da hiria askoz atseginagoa izatea oinezkoentzat, eta herritarrek eurek eskatzea oinez edo bizikletaz alde guztietara joatea”, azaldu du Lasak.
Garraio publikoaren, bizikletaren eta oinezkoen aldeko apustua egingo du Elkarrekin Podemosek. Ondorengo proposamenak egin ditu alkategaiak: “Garraio publikoa indartuko dugu, garraio publiko guztien maiztasunak handituz eta egoiliarrentzako doakotasuneranzko bilakaera mailakatua aplikatuz. Gainera, tranbia lineak ezartzea aztertuko da, Bilbon eta Gasteizen lehendik dauden moduan. Bestalde, gure helburua hiriko bideen %100 bizikletaz egitea da. Horretarako, bidegorri seguruen sarea zabalduko da, hobeto mantendu eta seinaleztatuta, ibilgailu motordunen zirkulaziotik bereizita. Bizikletentzako aparkalekuak nabarmen handituko dira hiri osoan, batez ere eskaera handiko lekuetan”.
Horrez gain, Emisio Txikiko Guneen plan estrategiko bat proposatu dute, pixkanaka eta adostuta aurrera eraman nahi dutena. “Plan hori 2023an hasiko litzateke Erdialdean, eta 2024an gainerako auzoetan”. Neurri hauek aurkeztu dituzte: “Txandakako aparkalekuen ordezkapen mailakatua egoiliarrentzako plaza finkoekin; azken miliako logistikarako plana, banaketa ibilgailuen ordez; eta aukera iraunkorrak jartzea, zama bizikletak edo ibilgailu elektrikoak, besteak beste”.