Euskararen Etxea eta euskal garagardo azoka sortzea proposatu dute
Bagera elkarteak Donostiako Euskaltzaleon Topaketak egin ditu San Telmo museoan, eta proiektu interesgarriak azaleratu dira.
Euskara ardatz izango duten proiektu edo egitasmoak irudikatzeko elkartu dira. Helburu horrekin egin dituzte gaur Donostiako Euskaltzaleon Topaketak, San Telmo museoan. Hogeitik gora euskaltzalek parte hartu dute, eta egitasmo ugari proposatu dituzte. Horietako batzuk epe ertainera aurrera eramateko agertu dira.
Bost mahaitan proposatu, landu eta zehaztu dituzte proiektuak. Horretarako, dinamika zehatz bat erabili dute, pertsonak mahai batetik besterako bidea eginez, aipaturiko egitasmoak osatzeko. Proiektuek forma eman ondoren, zerrenda gisara kokatu dituzte idatziz aretoko horman. Bagera elkartekoek bost interesgarrienak aukeratzeko eskatu diete parte hartzaileei, eta gometsa berdeen bidez egin dute. Hautaturiko proiektuak hauek izan dira: Euskararen Etxea, euskal garagardo azoka, herri inauteriak, auzoetako aisialdi taldeak eta kultura sorkuntzarako euskarazko guneak.
Bakoitza garatzeko tartea hartu dute eguerdia baino lehen, eta horien aurkezpenarekin bukatu da topaketa.
Euskararen Etxea
Bagera elkartearen sorreran aipatu zen proposamena berreskuratu dute batzuek. Euskarak hirian gune fisiko bat behar duela adierazi dute, euskaltzaleak elkartzeko toki. Auzoei zerbitzua emango lieke etxeak, ez dadin zentralizatu hiriaren erdigunean. Emakumearen Etxearen funtzionamendua eredu gisa hartu dute, Euskararen Etxean askotariko jarduera euskaldunak antolatu ahal izango liratekeelako. Plana diseinatu eta erakundeengana jotzea aurreikusi dute. Horretarako, talde eragile bat sortzea proposatu dute egitasmoa aurrera eramateko.
Euskal garagardo azoka
Donostiako euskal garagardo azokari ez dela sekula izan esan dute proiektuaren sustatzaileek. Egia da Donostiak garagardo azokekin lotura izan duela –Intxaurrondon, Grosen eta Saguesen antolatu izan dira–, baina euskal izaerako baten falta dagoela esan dute. Euskal Herriko garagardogileekin osaturikoa izango litzateke, eta egitarau kultural euskaldun batekin uztartuko lukete azokaren eskaintza. Informazioa euskara hutsean jartzea eta zerbitzariak euskaldunak izatea aurreikusi dute. Dastaketa lehiaketa bat ere egin daitekeela adierazi dute. Hori bai, talde eragilea dagoeneko sortu dela ziurtatu dute, eta urtebeteko epea jarri dute azoka errealitate bihurtzeko.
Pausoak ematen hasiko direla iragarri dute. Garagardogileekin hitz egin eta inplikatzea, beste garagardo azoketako arduradunekin hitz egitea, lekua zehaztu eta baimenak zein diru laguntzak lortzea, eta ekitaldia egiteko gainerako baliabideak eskuratzea lirateke urratsak.
Herri inauteriak
Donostiako herri inauteriak berreskuratzearen alde agertu dira batzuk. Sustatzaileek irudikatzen dutena egituratzeko prozesu bat beharko dela aitortu dute. Nolanahi ere, bi elementu izango lituzke herri inauteriak: dibertimendua eta kalejira herrikoia. Añorgan eta Iruñean egiten diren dibertimenduak eredu gisa jarri dituzte, nahiz eta Donostiakoak bere izaera propioa izan beharko duen. Gazte izaera izango luke, nahiz eta adin tarte zabalari zuzendurikoa izan. Antolaketari dagokionez, musikariak, bertsolariak, dantzariak eta antzezleak elkartzea ezinbestekoa iruditzen zaie.
Kalejira herrikoiaren kasuan, Donostiako Piraten Irrikitaldia jarri dute adibide moduan. Dibertimenduaz gain, ariketa parte hartzaile bat egitea beharrezkoa dela esan dute. Horrela, herritar guztientzako kalejira parte hartzaile bat egitea proposatu dute. Urtero gai baten inguruan mozorrotuko lirateke. Epeak ezartzerako orduan, datorren urteko inauterietan hirian antolatzen diren jarduera euskaldunak kartel berean jartzea eskatu dute. Horrela, marko bat sortuko litzatekeela uste dute.
Sormen laborategia
Donostian kultur diziplinetan dabilen jendea elkartu eta elkartuko duen sormen laborategia ere proposatu dute. Donostiako kultur eskaintza zabala dela aitortu arren, parte hartzaileagoa izatea falta zaiola esan dute. Gazteentzako proiektu erakargarria izan daitekeela uste dute, nahiz eta belaunaldi guztiei ireki dieten. Bagera elkartea talde eragile moduan jarri dute, nahiz eta hori sustatzeko lantalde baten beharra aipatu duten. Lantalde hori dantza, antzerkia eta musika alorretan dabiltzan pertsonekin osatuko litzatekeela nabarmendu dute. Proiektua aurkezteko deialdi orokor bat irudikatu dute, ideia konpartitzeko eta talde oinarria sortzen hasteko.
Auzoetako aisialdi taldeak
Haurrei eta gazteei zuzenduriko aisialdi talde euskaldunak sustatzearen alde egin dute beste batzuek. Gaur egun auzo batzuetan dauden aisialdi taldeei eustea litzateke lehen pausoa, eta beste batzuk sortzea. Horiek denak euskara oinarri gisa hartuta. Hezkuntza eta auzo komunitateak inplikatzea ezinbestekoa iruditzen zaiela adierazi dute, eta aurrez auzoetako diagnostikoak egin beharko liratekeela. Zein auzorekin hasiko lirateke? Berria, euskalduna ala ez euskalduna? Galdera batzuk erantzuteko dituztela onartu dute. Dena dela, argi ikusten dute auzoetako gazteak identifikatu behar direla aisialdi talde horien parte izateko. Ez dute eperik zehaztu, baina aurrera egiteko konpromisoa agertu dute.
Proposamenak proposamen, ideiak ondo jaso ditu Bagera elkarteak, eta epe ertainera bidea zeinek egiten duen ikusi beharko.