Izagirre: "Garaia da donostiarrek beren bizi proiektuak Donostian egin ahal izateko aukerak eskaintzeko"
EH Bilduk hauteskunde kanpainako ekitaldi bat egin zuen igandean Amara Berrin, Donostiako auzorik jendetsuenean, eta “donostiarrak udal politiken erdian jartzeko” konpromisoa hartu zuen. “Esaten dugunean maite dugula Donostia, ulertu behar dugu maite dugula Donostia eta maite ditugula bere auzoak; maite ditugula bertan bizi zaretenak eta egunero egunero auzo hauei bizitza ematen dietenak”, nabarmendu zuen Juan Karlos Izagirre alkategaiak.
Donostia “bere izaera galtzen” ari dela deitoratu zuen Izagirrek, eta salatu zuen donostiar asko ez direla “protagonista sentitzen bere auzoan, hartzen diren erabakiak beraien beharrak kontutan hartu gabe hartzen direla diote”. “Jendea aldendu da bere kabuz, ala eraikitzen ari den hiri eredua da jendea urrundu duena?”, gaineratu zuen. Horrela, hiriaren norabidea aldatzeko beharra nabarmendu zuen: “Garaia da donostiarrek beren bizi proiektuak Donostian egin ahal izateko aukerak eskaintzeko, eta auzoak bizigarriago bihurtzeko”.
Horrela, helburu argi bat dutela azaldu zuen Izagirrek: “Hiri gisa, helburua da herritarrei bermatzea Donostian eta Amara Berrin bizi ahal izango direla, Donostian eta Amara Berrin emantzipatu eta duintasunez zahartu ahal izango direla. Baina hori guztia gerta dadin, ezinbestekoa da gobernua aldatzea, Goiak lekua utzi behar dio gobernu berri bati, egoera honen ardura duenak ezin baitu izan egoerari konponbidea emango diona”.
Parte Zaharrean, Altzan eta Intxaurrondon
Amara Berrin ez ezik, EH Bilduren hautagaiak Altzan, Parte Zaharrean eta Intxaurrondon ere izan dira egunotan, auzo horietako zein hiriko arazoez hitz egiten eta proposamenak egiten. Altzan, honako lau proposamen hauek egin zituen Garbiñe Alkiza hautagaiak: hiria tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzea alokairuak mugatzeko, etxeetara energia hornidura bermatzea, 1.400 euroko soldata bermatzea udal kontratazio guztietan eta laguntza sozialei sarbidea erraztea.