Astelehenean jarriko dute funtzionamenduan Aieteko TAO zerbitzua
TAO zerbitzua Aietera ere iristear da, udalaren aurreikuspenen arabera, astelehenean jarriko baitute funtzionamenduan, hilaren 22an. Melodi eremuan jarriko dute TAO zerbitzua, eta udaleko langileak seinalizazio lanak bukatzen ari dira egunotan. Zehazki, Melodi, Jose Olaizola, Aizkorri eta Manuel Vazquez Montalban kaleetan eta Sanserreka, Pio Baroja eta Lazkano pasealekuetan jarriko dute TAO-a.
Melodi kalean egoiliarrentzako 77 aparkaleku egongo dira, Sanserrekan hamalau eta 37 Aizkorri eta Manuel Vazquez Montalban kaleen artean. Bestalde, Pio Barojan txandakako hemeretzi plaza egongo dira. Lehenengo egunetan, TAO zerbitzuko langileek ez dute isunik jarriko eta gidariei informazioa ematera mugatuko dira. Berriki, Loiolan ere jarri dute funtzionamenduan TAO zerbitzua.