Bi pertsona atxilotu dituzte etxeko ateetan lapurreta egiteko asmoz markatzaileak jartzeagatik
Ertzaintzak 45 urteko gizon bat eta 38 urteko beste bat atxilotu ditu Donostiako etxe batzuetako ateetan, gero lapurreta egiteko asmoz, markatzaileak jartzen harrapatu ondoren.
Ertzaintzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, atzo, asteazkena, 08:50ean, etxeetako lapurreten prebentziorako lanetan ari zen patruila bati “susmagarria” iruditu zitzaion Donostia erdialdeko eraikin bateko portaletik irten zen gizon baten jarrera. Agenteek pertsona hori geldiarazi zuten, portalean zertan ari zen argitzeko. Aldi berean, beste patruila batek portalaren inguruan identifikatu zuen zelatan zegoen beste gizon bat.
Hori dela eta, patruila batek eraikina aztertu zuen, eta etxe batzuetako ateetan, markoaren eta atearen artean, markatzaileak jarrita zeudela ikusi zuten. “Era horretako markatzaileak jartzen dira etxean bizi diren pertsonak kanpoan diren egiaztatzeko eta, horrela bada, lapurreta egiteko”, azaldu dute.
Eraikinetik irteten ari zen gizonari sarrailak behartzeko erabili ohi diren bederatzi gakorde aurkitu zizkioten arropa artean, eta baita plastikozko txartel bat ere, irristatze metodoaren bidez etxeetako ateak irekitzeko. Ondorioz, pertsona hori atxilotu zuten etxetan lapurreta egiten saiatzea leporatuta, eta bigarren pertsona egitate berberengatik ikertu zuten.
Ertzaintzaren ikerketek ondorioztatu dute bi pertsona horiek, ustez, EAEko hainbat herritan etxeetan lapurretan ari den talde egonkor bateko kideak direla.
Atxilotua eta ikertua Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten zegozkion polizia eginbideak eginez ikerketarekin jarraitzeko. Atxilotua gaur Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan jartzea aurreikusten dute.