"Ez zaizkit asko gustatzen beltzak", Donostiako ikasleen aurreiritziak airean
“Existitzen ez denaren kontra ezin da borrokatu”. Hori da Amara Berriko Amak Contra El Racismo kolektiboak pentsatzen duena. Hain zuzen, gure auzoetan arrazakeria dagoela ukatzen dutenei aurre egiteko bideo bat kaleratu dute. Hainbat eskoletako haurrekin egin dute esperimentua, eta, emaitza, espero zuten bezala, harrigarria da. Txiki-txikitatik aurreiritzi arrazistak barneratzen dituzte haurrek, zuriei balio positiboak lotuaz, eta arrazializatuei balio negatiboak.
Haurrak “panpina zuri” eta “panpina beltz” banaren aurrean jarri dituzte, eta galdera mota ezberdinak egin: nor den gaiztoa nor txintxoa, nor argiena, nor den medikua eta nor kale garbitzailea, nor den pobrea eta nor bizi den ondo, nor den bertakoa eta nor kanpokoa… Erantzunetan argi ageri da haurrek ere badituztela aurreiritzi arrazistak.
Esperimentu pedagogikoa
Kenneth eta Mammie Clark-ek diseinatutako esperimentuaren erreplika bat egin zuen guraso kolektiboak, 1930eko hamarkadan AEBetan egindako berbera. Ikerketa hark haurren jatorri etnikoari lotutako estereotipoak eta autopertzepzioa azaleratu nahi izan zituen.
Lan honek “hezkuntza helburu” bat du: “Diskriminazioa eragiten duten indarreko aurreiritzi eta estereotipoei buruzko hausnarketa bilatzen du. Euskal gizarte osoarentzako ariketa izatea nahi dute, “ispilu” gisa jokatu dezan.
Gaiaren “konplexutasuna” dela eta, parte hartzen duten haurrenganako “errespetu osoa” eskatu du kolektiboak, “ez baitira kasu isolatuak, gure gizartearen isla baizik”. Hain zuzen hori da landu nahi duten mezua: “Aurreiritziak eta estereotipoak sozialki eta kulturalki eraikitzen dira, eguneroko elkarrizketetan, erakundeetan, filmetan, ipuinetan, hedabideetan, publizitatean, sareetan, jostailuetan, arropetan, etab”. Proiektua beren seme-alabek bideoan parte hartzeko baimena eman zuten familiako amekin lankidetzan egin zen, Euskal Autonomia Erkidegoan arazo hau agerian uzten eta horretaz jabetzen lagun daitekeela ulertuta.