EH Bilduk «auzo bizien» aldeko apustua egin du «lotarako soilik diren auzoen aurrean»
EH Bilduk Urumeako ibarrera eraman du gaur goizean bere hauteskunde kanpaina. Bertatik, Olaia Duartek, prentsari egindako adierazpenetan, auzoei zerbitzu publikoak ematearen garrantzia azpimarratu du, horien bidez “komunitatea zaintzen delako eta espazio bakoitza duintzen delako”.
“Zerbitzu publiko sendoak behar dira herritarren beharrei erantzun ahal izateko”, azaldu du Olaia Duarte zinegotziak. Txomiñenean egin du agerraldia, auzoa “beste adibide bat baita Donostian zerbitzu publikoen gabezia nabarmenak dituena”.
“Azken urteotan Donostian nagusitu den hiri ereduak lehentasuna eman dio hiriaren erdigunea garatzeari”, salatu du Duartek, beste auzo asko bigarren edo hirugarren mailan utziz. “Auzoetako herritarrak gero eta nekatuago daude gero inoiz iristen ez diren ekipamendu eta zerbitzuak eskaintzen zaizkielako. Horren adibide dira Goia alkate denetik estaliko zirela esan, baina oraindik estali ez diren sei plazak: Plaza Handi Egian, Zuberoa plaza Grosen, Arria parkea Altzan, beste bat Larratxon eta beste bi hiriaren ekialdeko barrutian, zehaztuta ez daudenak ere”.
Beste aldarrikapenak eraman dituzte gaur goizean: Urumea ibarrean anbulatorio berria behar dela, Arteleku plazako kultur ekipamendua falta dela, eta Martuteneko behin-behineko biribilguneak bost urte baino gehiago daramala konponbiderik gabe.
Auzo biziak eta bizigarriak eraikitzearen aldeko apustu irmoa egiten dugu, ez ditugu logela-auzo hutsak nahi.
— EHBildu Donostia (@HiriBizia) May 19, 2023
Auzoek oinarrizko zerbitzuak, kultura- eta kirol-ekipamenduak, dendak eta proiektu ekonomiko traktoreak behar dituzte.
🎙️ @OlaiaDuarte pic.twitter.com/c2dhFpQ1Ww