«RACVNen etxean bezala sentitzen naiz», adierazi du Goiak

Eneko Goia Donostiako alkateak itxi zuen atzo eguerdian Donostiako Miramar Jauregian RACVN elkarteak aurkeztu zuen mendeurreneko liburuaren aurkezpenaren saioa. Goiak “etxean bezala” sentitzen dela adierazi zuen.
Ehun urte beteko ditu autoen aldeko klubak eta Goiaren hitzak “konplizitatez eta familiaren oroitzapenez beterik” izan ziren. Goiak jendaurrean eta pribatuan gogora ekarri zituen RACVNn lan egin zuten senide ugariak, “ni neu ere bai”, esan zuen. Elkarteak berak zabaldu duenez, bereziki hunkigarria izan zen bere ama Ana Mariren oroitzapena, RACNVko kutxazaina izandakoa eta aldizkari mitikoan idatzi zuena. “Zenbat aldiz lagundu diodan amari pertsiana astun hori RACVNeko instalazio zaharretatik jaisten”, esan zuen Goiak.
Kalapie elkarteak sareetan kritikatu egin du alkateak esandakoa, haietaz “ezer jakin nahi ez duela” salatuz. IRUTXULOKO HITZA-k gaur atera duen elkarrizketan, mugikortasunari buruz mintzatzerakoan bi elkarteok aipatu ditu: “Askotan esaten da ‘eragile guztiekin hitz egin eta adostasunetara iritsi behar da’. Bada niri gustatuko litzaidake jakitea nola iritsiko garen adostasunetara Kalapieren eta RACVNen artean. Denak kontentu edukitzea nahiko konplikatua iruditzen zait gai honetan”.