1.800 pertsona elkartu ditu minbiziaren aurkako bederatzigarren lasterketak eta martxak
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatuta, minbiziaren aurkako lasterketaren eta martxaren bederatzigarren edizioa egin dute gaur Donostian. Guztira, 1.800 parte hartzaile batu ditu ekimen solidario honek, eta bildutako diru guztia elkarteak pazienteei zein senideei doako arreta eta zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko erabiliko dute.
“Beste behin ere, Gipuzkoako gizarteak elkartasuna eta elkartearekiko konpromisoa erakutsi du. Izan ere, bere parte hartzeari esker, 650 paziente eta senide berri baino gehiago artatu ahal izango dira elkarteak eskaintzen dituen doako zerbitzuen bitartez: terapia psikologikoa, gizarte arreta, material ortopedikoaren mailegua, etab”, azaldu du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak.
Bost kilometroko lasterketak 1.300 parte hartzaile baino gehiago izan ditu. Proba hau 10:00etan hasi da Alderdi Ederren eta toki berean amaitu da. Gizonezkoetan lehen hiru sailkatuak Aitor Etxeberria (16:38), M’barek Ait Benali (17:45) eta Sergio Ramirez (17:52) izan dira. Emakumezkoetan, Olatz Zabalak lortu du denborarik onena 19:45rekin, ondoren Maider Martin (21:15) eta Onintza Gonzalez (21:38) heldu dira. Helmugara iritsi den lehen bazkidea Xabi Intxauspe izan da 19:31ko denborarekin, eta lehen bazkide emakumea Ana Lopez (22:23) izan da.
Gainera, berritasun gisa, aurten kategoria berri bat jarri dute 23 urtetik beherakoentzat. Ondorengoak izan dira lehenengo sailkatuak: Onintza Gonzalez (21:38) eta Amets Andueza (20:56).
Horrez gain, Donostiako hainbat ikastetxetako 500 haur baino gehiagoren artean egindako kartel lehiaketako sariak ere banatu dituzte. Elkarteko hainbat boluntariok aukeratu dituzte marrazki irabazleak: bat Axular ikastetxekoa eta bestea La Sallekoa.
Lasterketaren ondoren, aurreko urtean bezala, ipar martxa modalitatean eta oinez egin ahal izan den martxa ospatu da. Martxa hori herritar guztiek egin dezakete, eta 500 parte hartzaile bildu ditu.