Kontserbatorioa birgaitzearen aldeko apustua egin nahi du Victor Lasak
Victor Lasa Elkarrekin Donostiaren alkategaia eta Arantza Gonzalez, koalizioko bigarrena, Roberto Nuño zuzendariarekin eta Pedro Aguinaga ikasketaburuarekin izan dira Francisco Escudero kontserbatorioan. Azaldu dutenez, Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IU Berdeak Equo Alianza Verde koalizioko Donostiako buruek egiaztatu dute instalazio batzuk “oso egoera kaskarrean” daudela, eta instalazio horiek “ez direla nahikoa” eman behar duten zerbitzurako.
Kontserbatorioko arduradunek denbora luzea daramate konponbideak eskatzen. Beraien ustez, leku egokian daude kokatuta, baina birgaitze lanak eta espazioak handitzea “beharrezkoak” direla nabarmentzen dute behin eta berriz. “Horretarako, eraikinaren inguruko udal bulegoak erabili beharko lirateke. Hala ere, Eneko Goiak, zortzi urtetan alkate gisa udal kontserbatorioa bisitatzera iritsi ez denak, baztertu egin du”, azaldu dute.
Lasak adierazi duenez, “ez dago oso urrutira joan beharrik udal gobernu honek kontserbatorioa bezalako hezkuntza zerbitzu publiko garrantzitsu bat erabiltzeari utzi diola egiaztatzeko; Easo kaleko instalazioen egoera Gasteizko edo Bilboko Udal Kontserbatorioekin alderatzea besterik ez dago. Arazoak konponbide erraza du udalarentzat, aurrera pauso bat eman beharko lukeelako”, gaineratu du hautagaiak.
Lasak nabarmendu du eskaera horiei erantzutea “lehentasunezkoa” izan beharko litzatekeela edozein udal gobernurentzat. “Manteoko Basque Culinary edo kontserbatorio honen pare-parean, San Bartolome muinoaren magal berdean jarriko duten merkataritza gune handi hori bezalako proiektuen aurrean, udal instalazio horiek birgaitzea izango litzateke, hain zuzen ere, Donostiak behar duen lehengoratze proiektua, eta nik horretarako apustu egiten dut”, aldarrikatu du Lasak.
Elkarrekin Donostiaren alkategaiaren ustez, eraikin hori, behar bezala birgaituta eta handituta, hiriaren erdigunean biziberritzeko benetako gune bihur liteke, ez soilik ikastetxe gisa, baita gizarte etxe eta zentro komunitario gisa ere. “Horretarako, udal baten borondatea beharko litzateke, eta une honetan nahiago du merkataritza gune izugarriak eraiki gune berdeak kargatuz, hiriko erdigunean bizitza komunitarioa biziberritzeko udal instalazioak erabili baino”, Lasak adierazi duenez.