Ligak ihes egin dio
Bera Berak ezin izan du Elx gainditu ligako titulurako finalerdietan.

Ez da posible izango. Hamar urte bete dira Bera Bera eskubaloi taldeak lehen liga irabazi zuenetik, baina ezin izango dute urteurrena borobildu. Liga erregularrean onenak izan arren, titulurako kanporaketetan ez dute asmatu. Finalerdietan arerio zaila zuten aurrez aurre, ez hiru partida jokatu behar izan dituzte finalerako txartela erabakitzeko. Elxen zelaian galdu ostean, Gaskako bigarren partida irabazi zuten donostiarrek (30-28). Hori dela eta, hirugarren partida erabakigarria jokatu zuten atzo arratsaldean, eta galdu egin zuten (22-26). Elx hobeto aritu zen neurketa erabakigarrian, eta ligako titulua irabazteko finalean izango dira. Bera Berak, berriz, pozik eta harro egoteko arrazoiak ditu, kopa irabazi zutelako eta ligako fase erregular bikaina egin zutelako.
Futbolean, Realeko neskek Real Madrilen kontra bana berdindu zuten azken jardunaldian. Ostiralean Zubietan jokaturiko norgehiagoka berezia izan zen, Iraia Iparragirreren agurra izan zelako. Berdinketa azken minutuetan lortu zuten txuri-urdinek Amaiur Sarriegi aurrelari donostiarraren bidez. Liga zortzigarren postuan bukatu dute 39 punturekin. Aldiz, Realeko mutilek balentria egin zuten Bartzelonaren zelaian. 32 urteren ondoren, txuri-urdinek garaipen bikaina eskuratu zuten Camp Nou futbol zelaian (1-2). Mikel Merinok eta Alexander Sorloth jokalariek egin zituzten golak. Garaipen horri esker, Realak Txapeldunen Liga jokatzeko aukerak berretsi ditu. Hiru jardunaldiren faltan–9 puntu jokoan–, Vila-real bosgarren sailkatuari bost puntu ateratzen dizkiote, eta Betis seigarrenaren bederatzi.
Belar hockeyan, Realak astindua jaso zuen Poloren zelaian (4-0). Gauzak ez dira ondo ateratzen azken jardunaldietan, eta bi falta dira liga bukatzeko. Txuri-urdinek ezin izan zuten ezer egin hirugarren sailkatuaren kontra. Sailkapeneko zortzigarren tokian daude.
EMAITZAK
Eskubaloia
Ohorezko mailako liga titulurako kanporaketako finalerdiak
- Bera Bera – Elx (bigarren partida; 30-28)
- Bera Bera – Elx (hirugarren partida; 22-26)
Futbola
Gizonezkoen liga, 35. jardunaldia
- Bartzelona 1 – Reala 2
Emakumezkoen liga, 30. jardunaldia
- Reala 1 – Real Madril 1
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 20. jardunaldia
- Polo 4 – Reala 0