Su artean kozinatzen da kulturartekotasuna
Elkarrekin Kooperatibatik beste urte batez antolatu du Su artean gure artean egitasmoa. Kultur aniztasuna lantzeko, eta familien arteko loturak estutzeko, Donostiako hiru auzotako elkarteetan elkartu dira ikastetxe ezberdinetako haur eta gurasoak. Janariaren bueltan dena delako errazagoa. Urtero Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzeko komunitate mailako jarduera bat aurrera eramaten dute eta horren testuinguruan kokatu dute.
Amara Berriko Bera Bera Clubean joan den ostegunean batu ziren jatorri ezberdinetako 60 bat lagun. Haurrek jolasten zuten bitartean sukaldariak jo eta fuego zebiltzan sukaldean. Enpanada argentinarrak eta Mongoliako pasta izan dira menuan. Pasta mongoliarrak parte hartzaileen arreta deitu du, beren-beregi etxean kozinatua izan baita. Eta azken burukoak, etxeko mamiak gozoak. Horrela ezin gaizki atera.
Sukaldariak lanean diren bitartean, kanpoan ari dira pilatzen haurrak eta gurasoak. Jendea ezagutzeko helburuz egindako topalekua izaki, nabari da nor ezagutzen den lehenagotik, eta norentzat den lehen aldia. Edonola ere, parte-hartzaile gehienak Familia Laguna programan aritutakoak dira, eta, beraz, badute interesa eta elkar ezagutza.
Familia Laguna
Familia Laguna hezkuntza eta komunitate esparruan garatzen den kulturarteko familia akonpainamendu programa bat da, beste herrialde batzuetatik etorri berriak diren familiak adin bereko seme alabak dituzten familia euskaldunekin harremanetan jarri eta elkartzen dituena. Zazpi ikastetxek hartzen dute parte Donostiako familia laguna egitasmoan: Aitor ikastola, Intxaurrondo ikastola, Zuhaizti eskola, Maria Reina eskola, Amara Berri eskola, Orixe ikastola eta Jakintza ikastola, hain zuzen.
2014an sortu zen programa hau, Egia auzoko Aitor Ikastolaren hezkuntza komunitateko kide ziren familien arteko kulturarteko harremana lortu nahi zuen gizarte arloko ama profesionalen talde baten ekimenari esker.
Elkarteak pozik
Bera Bera elkarteko lehendakaritzako kideek parte hartu zuten baita ere egitasmoan, elkartea utziz, eta bertako historia kontatuz. “Oso pozik” agertu ziren elkartekoak, kulturartekotasuna lantzeko espazioen beharra aldarrikatuz.
Amara Berriz gain, Antiguako Txirain elkartean egon ziren ostegunean, eta ostiralean, berriz Parte Zaharreko Kresala elkartean. Egitasmoaren balorazio positiboa egin zuten bertaratutakoek, “harremanak estutzeko” honelako espazioak aldarrikatuz.