Unai Iturratek zilarrezko domina eskuratu du Euskadiko txapelketan
Asteburu ona izan da Donostialdea Bizikletan taldearentzat. Maila onean aritu dira Segurako, Amurrioko eta Larrinbeko Euskadiko txapelketetan. Emaitzarik onena kadete mailan eskuratu zuen Donostialdea Bizikletanek, Unai Iturrateren bitartez. Zilarrezko domina lortu zuen Seguran jokaturiko txapelketan. Erik Kintanak jantzi zuen urrea eta Mario Elizburuk brontzea.
Aldiz, emakumezkoetan, dominetatik gertu geratu ziren Goenaga Yogurrak taldeko Irati Mitxelena eta Naiara Espinosa. Arabako Larrinbe herrian jokaturiko txapelketan, laugarren izan zen Espinosa eta bosgarren Mitxelena. Urrea Paula Ostizek irabazi zuen, Izaro Etxarrik zilarra eta Nahia Garciak brontzea.
Gazte mailako gizonezkoen txapelketan, laugarren sailkatu zen Aimar Alarcia, Amurrion jokaturiko lasterketan. Podiuma gertu izan zuen, baina azken esprintean ez zuen gainerakoek aurrea hartzeko aukerarik izan. Eneko Ortega izan zen irabazlea, Gari Ugarte bigarren eta Jon Conejero hirugarren. Unax Betelu donostiarra, berriz, 40. postuan sailkatu zen.