Uztailera arte luzatu dute 'Amable Arias banbalinetan' erakusketa
Amable Arias banbalinetan erakusketa otsailetik dago ikusgai San Telmo museoan, eta igande honetan ziren kentzekoak, baina uztailaren 2ra arte luzatzea erabaki dute.
24 urteko Amable Arias gazteak (Bembibre, Leon, Espainia, 1927 – Donostia, 1984) agertoki gaineko ikuskizunak erakusten ez duen intimitatea irudikatzea lortu zuen Donostian, Antzoki Zaharrean, bere amak antzokiko arropazaindegian egiten baitzuen lan. Hain zuzen ere, garai horretan marraztutako obra ikusgai dago San Telmo museoan. 1955 eta 1959 urteen artean Antzoki Zaharrean egindako 79 marrazki eta akuarela bildu dituzte, haren bikotekide Maru Rizok egindako dohaintzaren bidez. Mikel Lertxundi da komisarioa, eta San Telmo museoak azaldu duenez, orain arte, 7.000 bisitaritik gora izan ditu erakusketak.
Gainera, erakusketako lanetako baten inguruko informazio gehiago lortu dute, eta aretoan irakurgai dagoen informazioa zuzenduko dute orain. Hain zuzen ere, Cassen marrazkia Ariasek Casto Senra aktoreari egindako erretratu bat zela uste zuten orain arte, baina Cassenek Ariasi egindako marrazki bat dela jakin ahal izan dute orain. Horrez gain, Rizok egindako dohaintzako beste bi marrazkirekin ere gauza bera gertatzen da.