Udal gobernuari osasun, kirol eta kultur ekipamenduak eskatuko dizkiote
Ostegunean, hilaren 25ean, manifestazioa egingo dute Martutene Bizirik bizilagunen mugimenduak eta Txomiñeneko Lanberri auzo elkarteak.
Martuteneko behin-behineko biribilgunetik abiatuko dute martxa 18:00etan, eta Txomineko Arteleku plazaraino joango dira. Udal gobernuari osasun, kirol eta kultur ekipamenduak eskatzeko helburuarekin antolatu dute.
“Legealdi galdua izan da. Etxebizitza berriak eraikitzea izan da lehentasuna, baino auzoak behar dituen udal ekipamenduak ez ditu oraindik bultzatu udal gobernuak. Kirol eta kultur ekipamenduak ahaztu dituzte EAJk eta PSE-EEk, nahiz eta promesa egin zuten orain dela lau urte hauteskunde garaian, eta Hirigintza Planean aurreikusita egon eta udalbatzak onartu arren. Lanberrik hainbat aldiz eskatu du eraikin hauek definitzeko prozesua bultzatzea, baina isiltasuna jaso dugu”, adierazi du Txomineko auzo elkarteak.
Urbanizazio lanak egiteko 1,6 milioi euro desbideratu zirela salatu zuten 2020an, “Santa Klara irlako ‘Hondalea’ eskultura egin ahal izateko”. “Arteleku plazako lanak bukatu dituzte (atzerapen handiarekin) baino bere diseinua ez da bizilagunok bozkatu genuena eta urbanizazioa ekipamenduen kokapena guztiz baldintzatu du”, gaineratu dute.
Martuteneren egoera antzekoa dela adierazi du Martutene Bizirikek: “Bi auzoek partekatzen dugun osasun zentroa, orain dela 40 urte edo gehiagokoa, zaharkitua gelditu da. Kirol ekipamendurik ez dugu eta kultur ekipamendu murriztuak ditugu”. 2022ko urtarrilean auto batek Arantzazuko Ama ikastolaren hesiaren kontra jo ondoren, neurririk hartu ez dela salatu dute, “nahiz eta auzoko eragileekin izandako bilera bakarrean baiezkoa jaso”.
Auzoaren bukaeran dagoen biribilguneari dagokionez, 2022ko udal aurrekontuek haren berrikuntza aurreikusten zutela gogoratu dute. “Gaur egun, ordea, berdin jarraitzen du”, kritikatu dute. Azkenik, Barkaiztegi aldeko bizilagunak “isolatuta” utzi dituztela diote, trenbidearen pasabidea itxi dutelako “alternatibarik eskaini gabe”.
“Hitza bete dezala”
Donostiako alkateari “hitza bete dezala” eskatu diote bi eragileek. “Txominen eta Martutenen ez dago udal ekipamendurik, auzoaren populazioa asko hazi da, beraz zerbitzu hauek gero eta beharrezkoak dira. Bi auzoek partekatzen dugun eskola inguruko bide segurtasuna bermatu behar da. Bestalde, gure elkarteekin eta orokorrean auzotarrekin komunikazioa hobetzea beharrezkoa da. Berri edo erabaki garrantzitsuak egunkarien bidez jakitea ez da gustukoa. Komunikazioa sendotu beharko dugu”, azaldu dute.