The Fake Cousins taldeak bere lehenengo diskoa aurkeztuko du larunbatean
The Fake Cousins blues talde donostiarrak hiru urte daramatza han eta hemen jotzen, eta, azkenean, euren lehenengo diskoa aurkeztuko dute: The set up (Gaztelupeko Hotsak). Larunbatean egingo dute aurkezpen kontzertua, 20:30ean, Parte Zaharreko Altxerri aretoan; sarrerak aretoaren webgunean edo han bertan erosi daitezke, 12 euroan.
Euskal Herriko blues musikaren panoraman ezagunak diren hiru musikarik osatzen dute taldea: Paul San Martin abeslari eta pianista donostiarrak, Jon Aira gitarrista errenteriarrak eta Javier Shaf San Martin bateria irundarrak. Hain zuzen ere, pianistaren eta bateriaren abizenekin jolasten du taldearen izenak; benetan lehengusuak ote dira?
Juke joint-etako doinuak berreskuratzea eta erreproduzitzea du helburu taldeak, eta, horretarako, musika beltzaren sustraietara jo dute, errepertorio zabal batekin. XX. mendearen lehenengo erdialdeko AEBetako beltzen espazioak ziren juke joint-ak, non bluesa jotzen zuten, dantza egiten zuten, eta abar.
Bluesa erdigunean jarrita, musika estilo horren eta deribatuen hainbat adar ukitzen ditu hirukoteak: boogie-woogiea (San Martin pianista maisua da estilo horretan), ragtimea, gitarra doinu indartsuak dituen Chicagoko bluesa eta Stax diskoetxeko funka, besteak beste. Horrela, Dr. John, Professor Longhair, Hound Dog Taylor eta Albert King musikarien erreferentziak antzeman daitezke The Fake Cousinsen doinuetan.