Paul San Martinek bere bosgarren diskoa argitaratu du
Paul San Martin Beldarrain blues pianista eta abeslari donostiarrak (Amara Berri, 1979) Paul San Martín Meets The Broken Horns diskoa argitaratu berri du, bere izenean atera duen bosgarren diskoa. Hiru abestiko EP bat da, eta binilo formatuan argitaratu du, Soraluzeko (Gipuzkoa) Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. San Martinen kontzertuetan, diskoetxearen webgunean eta Fnac dendetan erosi daiteke EP-a. Era berean, plataforma digitaletan ere entzun daiteke.
Hiru abestietako bi, diskoaren B aldekoak, blues musikaren bi abesti klasikoren bertsioak dira: Smiley Lewisek (Louisiana, AEB, 1913 – 1966) 50eko hamarkadan grabatutako Someday (You’ll Want Me) eta Memphis Slimek (Memphis, Tennessee, AEB, 1915 – Paris, Frantzia, 1988) XX. mendearen erdialdean grabatutako Lost Without You. A aldeko abestia, aldiz, San Martinek berak idatzitakoa da: Dreaming Of My Baby Tonight, New Orleans kutsu handikoa. Hain zuzen ere, bluesaren eta boogie woogiearen musikari historikoen abestiak berrinterpretatzea du gustuko San Martinek, berarentzat erreferenteak diren musikari horiek omentzeko, baina abesti propio batzuk ere baditu.
Azken urteotan egin duen moduan, Abdell B.Bop kontrabaxu jotzailea eta Romain Gratalon bateria izan ditu bidelagun, eta baita Broken Brothers Brass Band Iruñeako taldeko Ion Celestino tronpetista, Pablo Maza saxo tenorea eta Javier Jaukikoa tronboia ere: The Broken Horns. Diskoa Elkar estudioan grabatu zuten, Victor Sanchezekin. Paul San Martín Meets The Broken Horns-en aurretik, hainbat talderekin argitaratutako lanez gain, disko hauek argitaratu ditu bere izenean: Tracks (2011), Paul’s Mood (2013), Single (Romain Gratalonekin elkarlanean, 2016) eta A French Session (2019).
90eko hamarkadatik
San Martinek 1990eko hamarkadaren erdialdetik darama bere pianoarekin blues doinuak hara eta hona zabaltzen, 15 bat urterekin Amarako La Gatera tabernan jotzen hasi zenetik (1989tik 1999ra egon zen irekita taberna hori). Roadrunners taldearekin jotzen zuen orduan, baina talde askotan ibili da eta dabil ordutik: Stay Blues, Triz3ps, Soulbros, The Romanticos, Mojo Hand, Arima Soul, Noa & The Hell Drinkers, eta abar. Hainbat disko grabatu ditu talde horiekin eta beste batzuekin, eta musikariaren webgunean kontsultatu daitezke guztiak.
Gainera, musikari askorekin jo izan du eta jotzen jarraitzen du: Nico Wayne Toussaintekin, Billy Boy Arnoldekin, Lluis Colomarekin, Mingo Balaguerrekin, eta abar. Bluesaren mundutik kanpoko hainbat musikarirekin ere jo izan du, besteak beste, Alex Ubagorekin, La Oreja de Van Goghekin eta Rafael Berriorekin; hain zuzen ere, Berrioren azken bi diskoetan parte hartu zuen: Niño Futuro-n (2019) eta EP de los valses-en (2020).
Espainiako Estatuko blues pianista onenen artean dago San Martin gaur egun, eta oso musikari aktiboa da, sarritan jotzen baitu zuzenean Donostiako, Euskal Herriko eta Espainiako eta Frantziako Estatuetako taberna, areto eta jaialdietan. Hain zuzen ere, ostiralean Altxerri tabernan joko du, Ñaco Goñi harmonika jotzailearekin eta Xulian Freire gitarrista eta abeslariarekin batera, 20:30ean.