Autobus batek gizon bat harrapatu du Grosen
Istripu bat gertatu da ostegun arratsaldean Grosen, Donostiako Udalak baieztatu duenez. Lurraldebus konpainiako autobus batek gizon bat harrapatu du, Santa Katalina zubiaren eta Frantzia pasealekuaren arteko bihurgunearen inguruan, Euskadi plazatik gertu. Gizona ospitalera eraman dute.
El Diario Vasco egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, 16:30ak aldera gertatu da ezbeharra, eta 17:30erako ireki dute berriz eremu horretako zirkulazioa. Bestalde, hedabide horren arabera, gizona zauri larriekin eraman dute ospitalera anbulantzian, eta beste osasun langile talde bat istripuaren lekuan gelditu da, autobus gidaria artatzen, shock egoeran gelditu delako.