«Folloia» edo EAJ
EAJk mitina egin du Donostian, alderdiko aurpegi nagusiekin. Orain arteko kanpainan zehar proposamen eta kudeaketan oinarritu badira ere, atzoko ekitaldian lehia politikoa izan zuten oinarri, eta, bereziki, EH Bildurengana zuzendu ziren kritika gehienak.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaiaren esanetan, igandean jokoan dagoena “Bilduren inkonkrezioaren eta EAJren bermearen” artean aukeratzea da. “Hori da hauteskunde hauetan erabaki behar dena: Control+Z eta atzera egin, edo pantailaz pasatu etorkizunera. Kopia txarrarekin geratu, edo aurrera egin”, esan du hautagai jeltzaleak. Mendozarekin batera izan dira Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarreko presidentea; Iñigo Urkullu lehendakaria; eta Eneko Goia, Donostiako alkategaia.
Mendoza oso kritiko agertu da EH Bilduk atzo bertan plazaratu zuen hauteskunde programarekin: “Kanpaina amaitzeko lau egunen faltan, eta publikoki aurkeztu gabe webgunean zintzilikatuz, erakutsik nahiko ez balute bezala. Ez da serioa! Eslogan, tuit eta titular merke asko, baina dokumentuak mahai gainean jarri behar direnean, ez dago ezer”. Aldiz, gogoratu du EAJk 350 neurri “transformatzaile eta zehatz” dituen programa aurkeztu duela Gipuzkoan.
Ortuzarrek, ildo beretik, EH Bilduri zuzendu dizkio kritikak: “Etorkizunean lankidetzan aritzeko bidean aurrera egiten jarraitzea edo liskarrean eta inposaketan oinarritutako iraganera itzultzea”. 2011ko Bilduren legealdiarekin tematu da Ortuzar: “Arriskua, hemen, karramarroa bezala atzera egitea da, istilura, folloira, zabor-poltsa jaitsi ahal izateko buruhausteekin ibiltzera, zer zerga ordaindu behar duzun ez jakitea”. “Laurteko beltz” deitu dio 2011tik 2015era igarotako aroari; Donostia eta Gipuzkoa “esku txarretan” ez erortzeko, EAJ aurkeztu du alternatiba gisa.
Donostiako alkategaiak, Eneko Goiak, esan du “kontrakoa aditzera eman nahi dutenen aurrean”, Donostia gaur “harro egoteko moduko hiria dela, eta hala izaten jarraitu behar duela, eta horretarako lanean segi behar dugu”. Goiak esan duenez, “ezkortasuna, kritika edo populismoaren aurrean EAJ herri honen bizkar-hezurra da” eta “adierazle sozioekonomiko eta herritarren ongizatea mantendu eta hobetzeko, hiri eredu garbia planteatzen du”. Hautagai jeltzalearen iritziz, “abstentzioa EH Bilduren bidelaguna da, bere helburua EAJ gobernutik kentzea delako, ahal duen moduan”. Horregatik, Goiak “konfiantza” eskatu die herritarrei eta datorren igandean bozkatzeko deia egin die: “Bozkatzea erabakitzea da; ez bozkatzea ere bai”, amaitu du.