Istorioen ehiztaria eta haren laguntzailea
Imanol Larzabal aretoa bete nahi dute, udal hauteskundeen atarian. Tartean Teatroa konpainiaren ‘Alderray’ antzezlana ikusi ahal izango da Antiguako antzokian. Bi pertsona desberdinen arteko harremana du oinarri, jendartearen isla ere badena.
Alderraia han eta hemen dabilenari deitzen zaio. Leku askotako kaleetan zaildurikoa izaten da, asko bizitakoa, bizileku finkorik izan ohi ez duena. Horrelakoa da Alderray antzezlaneko protagonista. Pertsonaien ehiztaria eta euren istorioen kontalaria ere bada. Antiguako Imanol Larzabal aretoan eskainiko dute bihar eta etzi, 19:30ean, eta 10 euroren truke.
Patxo Telleriak idatzitako obra da, aktore lana bezainbeste gustuko duelako istorioak kontatzea. «Patxo Telleriaren hitz joko bat da antzezlanaren izenburua. Protagonistaren izena ere bada. Kalez kale istorio interesgarriak ehizatzen dituen alderraiaren ibilerak kontatu nahi izan ditu. Aldi berean, istorio horiek kontatzea gustuko duen pertsona da Alderray. Patxo ere horrelakoa da, eta nolabaiteko lotura dago protagonistaren eta egilearen artean», azaldu du Mikel Martinez aktoreak. Bera da Alderrayren rola jokatzen duena.
Gaztaroa iragan urrunean utzita, orduko kemena galdua dauka. Orain askatasuna eta bakardade erabatekoa zama bihurtu zaizkio. Une horretan, neska gazte bat agertu da bere bizitzan, haren lana miresten duena, bere ondoan ofizioa ikasi nahi duena. «Bizitzak misantropo garratz eta asozial bihurtu du ehiztari zaharra, baina bere ondoan onartuko du, morroi gisa», dio Tartean Teatroa konpainiak. Hain zuzen ere, Sandra Fernandez Agirre da morroia.
Alderrayren eta haren laguntzailearen arteko harremana ez da samurra. «Garratza da morroiarekin, urteak direlako istorio berririk eta interesgarririk ehizatu gabe. Gauero ateratzen da istorio berdinak kontatzera, eta haren garaia pasa dela uste du. Morroiak haren ofizioa ikasi nahi du, baina ez du irakasle atsegina izango», dio Martinezek.
Alderray haserretu egiten da morroiarekin. «Morroiak Alderrayri bere bizitza kontatzeko eskatzen dio, baina horrekin asko amorratzen da. Norberaren istorioei balioa kentzen die, kanpoan bilatu behar direlako benetako istorioak», nabarmendu du Martinezek.
Zazpi istorio
Antzezlanak bi kontakizun paralelo dituela dio Martinezek. Batetik, zazpi istorio kontatzen dituzte obrak aurrera egin ahala: «Ospitale batean, jantoki sozial batean, kartzelan, psikiatriko batean eta beste hainbat lekutan ehizaturiko istorioak dira kontatzen dituztenak. Guztiek dute lotura errealitatearekin».
Bestetik, bi pertsonaien arteko harremana «poliki-poliki» aldatzen dela aurreratu du Martinezek: «Istorioen artean loturak daude, oso desberdinak izan arren, eta horiek ere bat egiten dute Alderrayren eta morroiaren arteko harremanarekin. Eta ez dut gehiago kontatuko».
Barregarriak eta serioak dira Alderray antzezlaneko kontakizunak. Gizarteari egindako kritikak direla uste du Martinezek: «Ez dira joko hutsa. Denek dute mezu bat». Harentzat, istorio horiek kontatzea «hunkigarria» dela dio. Aktore moduan istorio horiek «bizitzen eta kontatzen» saiatzen da, eta «erdi ondo egiten» badute, ikus-entzuleengana iritsiko direla uste du.
Martinez komedia alorrean ezagunagoa izan arren, gehiago gozatzen du drama kutsuko antzezlanekin. «Gaitasun batzuk izango ditut komediarako. Ordea, ez naiz umoregilea eta ez naiz komedia zalea. Serio samarra naiz eta istorio dramatikoak gustuko ditut. Are gehiago, pertsona ilunen miserietan, haserreetan eta drametan sartzea gustuko dut», aitortu du aktoreak. Alderray antzezlanak gustuko duen hori landu eta helarazteko aukera eman dio.