Orixe ikastolarako bidea «seguruago» bihurtuko dute Eskola Bidea proiektuaren bidez
Eskola bideak seguruagoak eta atseginagoak bihurtzeko asmoz, Parte Zaharreko Zuloaga eraikineko Orixe ikastolan abiatu dute Eskola bidea-Apain proiektua. Donostia Kulturaren eta Mugikortasun Sailaren arteko elkarlanaren emaitza da, eta etorkizunean hiriko eskola gehiagotan egitea aurreikusten da. “Orixe Ikastolako ikasleek egunero oinez egin ohi dute eskolarako bidea Parte Zaharreko saltokietara banaketa lanetan dabiltzan ibilgailuekin partekatzen dute. Batzuetan ibilbidea egitea ez da erraza izaten, eta egoera eraldatzen lagundu eta elkarbizitza bultzatzeko, aurrera pauso bat eman nahi izan da Mugikortasun Sailetik”, azaldu dute.
Egitasmoa burutzeko, Donostia Kulturaren gidaritzapean eta Orixe Ikastolako zuzendaritzaren parte hartzearekin, mmej arkitektura estudioaren aholkua eta Dejabu antzerki konpainiaren bitartekaritza artistikoa jarraitu dira.
Lehen fasean, Orixe ikastolako ikasleek, elkar ezagutzaren aldeko ariketa egingo dute Parte Zaharreko kaleetan zehar. Maiatzean zehar, LH2ko ikasleek bide-segurtasunarekin lotutako jarduerak ikastolan landu ostean, hilaren 25 eta 26an eskola bidean dauden hainbat saltokitara bisita egingo dute, auzolagunei aurpegia jarri, euren historia eta eguneroko jardueraren berri izateko. Bisita horien lekukotzat eta saltokiak apaintzeko, paperezko itsasontziak eta berauek egiteko jolas orriak oparituko dizkiete. Izan ere, horixe baita Orixe ikastolaren ikurra.
Bide batez, merkatariei parte hartzea eskatuko diete, ekainaren 2an Zuloaga eraikineko ikasle eta irakasleek egingo duten jarduerarako. Egun horretan, ostiralean, 09:30ean, elkarrekin egingo dute eskola bidea, Bulebarretik Bretxarako kalean zehar, musikaz lagunduta. Saltoki, postu zein banatzaileak kalera atera eta eskola bidean doazen bitartean elkar agurtzera gonbidatuko dituzte guztiak.
Bigarren fasean, datorren ikasturtearen hasieran, Orixe ikastolaren sarrera nabarmenduko da mural collage batekin, eta inguruetan egingo diren bestelako esku hartzeen bitartez, ikasleen eguneroko bidea ikusgarriagoa egingo da.