Turistifikazioari eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko zortzi neurri proposatu dituzte Grosen
"Turistikazioaren aurka eta auzoaren defentsan" manifestaziora deitu dute ekainaren 17rako.
Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak etxe turistikoei mugak jartzeko kanpaina abiatu zuen duela hilabete batzuk auzoan, besteak beste, etxebizitza blokeetan etxe turistikoak debekatzeko gida osatuz eta banatuz. Orain, beste pauso bat ematea erabaki dute, eta turistifikazioari eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko zortzi neurri proposatu dituzte, baita manifestaziora deitu ere, ekainaren 17rako.
Saretxek prentsaurrekoa eskaini du ostegun goizean Hondarpe Groseko auzo elkartearen aurrean, eta, nabarmendu dutenez, “etxe turistikoen areagotzeak eta orokorrean auzoak pairatzen duen turistifikazio prozesuak auzokideen bizitzen gaineko etengabeko garestitzea suposatzen du, izan alokairuaren prezioaren igoeraren bitartez, espazio publikoaren pribatizazioaren bitartez edo turismoari bideratutako zerbitzuen areagotzearen ondorioz. Honen adibide da Basque Culinary Center auzia”.
Hori dela eta, lau neurri proposatu dituzte turistifikazioari aurre egiteko, eta beste lau etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, ikuspegi orokorrago batetik. Turistifikazioari aurre egiteko neurriei dagokienez, lizentzia berririk inoiz ez emateko, urtebetetik beherako alokairu kontratuak debekatzeko, etxe turistikoei lizentzia murrizkorrak eta iraungipendunak ezartzeko eta urtebetean erabilerarik gabe egon diren etxe turistikoei lizentzia kentzeko proposatu dute. Beste lau proposamenak, aldiz, hauek dira: alokairuaren prezioa mugatzeko, Grosen hutsak dauden etxebizitzen errolda osatzeko eta datua argitaratzeko, etxebizitza horiek auzokideek dituzten beharrentzat bideratuak izan daitezen neurriak hartzeko eta batzorde bat osatzeko, neurriak aplikatuko direla bermatuko duena.
Zortzi neurri horiek “minimoak” direla nabarmendu dute, eta aplikatuz gero ere, lanean jarraitu beharko dutela, “etxebizitzaren erabateko desmerkantilizazioa gauzatu arte”. Bide horretan, “turistikazioaren aurka eta auzoaren defentsan” manifestatuko dira ekainaren 17an, eta manifestazioaren lanketan parte hartu nahi duen oro astelehenero 19:00etan Hondarpe auzo elkartera joatera gonbidatu dute
Azken hiru hilabeteotan “hainbat auzokiderekin elkarlanean” aritu direla azaldu dute, “euren kasuak aztertuz (batzuk etxebizitza turistikoak debekatu nahi izateagatik auzipetuak izan dira) eta borroka komunak planteatuz”. “Orain dela egun batzuk, aurrerapauso bat eman genuen, bilera ireki bat antolatu genuelarik. Bertan, elkarrekin hausnartu eta etxe turistikoen aurkako
borrokan sakontzeko ideia eta planteamenduak jarri genituen mahai gainean. Kalea hartzearen garrantzia argi geratu zitzaigun. Eta lehenengo hitzordua da gaurkoa”, gaineratu dute.