Hurrengo alkatearen erronkak
Zer dago jokoan datozen lau urteetan Donostian? Alderdiek euren proposamenak mahaigaineratu dituzte azken asteotan. Errealitatea da asko direla abian diren proiektuak, eta horietako asko erabakita dauden arren, norabide batera edo bestera mugitzeko aukera dugula donostiarrok. Igandean erabakiko da etxebizitzan, turismoan, mugikortasunean eta bestelakoetan donostiarrek bide beretik jarraitu nahi duten ala aldaketa nahi duten.
Azkenik iritsi da. Gaur bukatuko da udal eta foru hauteskundeen kanpaina. Duela bi aste hasi bazen ere, hilabeteak daramatzate alderdi politikoek kanpaina egiten, proposamenak egiten, eta, batez ere, argazkiak bilatzen.
«Ilusioa» nabarmendu dute alderdi guztiek kanpainan zehar. Errealitatean, ordea, aldaketarako aukera gutxi atzeman daiteke hirian; itxura guztien arabera, Eneko Goiak gobernatuko du hiria datozen lau urtetan. Azken inkestek, Goiarentzat beherakada txiki bat aurreikusi arren, bigarren indarra den EH Bildurengandik urrun jarraitzen baitu EAJ eta PSE-EE tandemak.
Koalizio gobernua?
Galderetako bat da zein gobernu osatuko lukeen Goiak. Izan ere, azken bi urteotan Gipuzkoan eta EAEn errepikatutako formula bera erabiltzea aurreikusi daiteke (EAJ + PSE-EE), baina, azken hilabeteotan, bi alderdien arteko harremanak tentsioan direla dirudi. Marisol Garmendiak «agintaldi grisa» leporatzen dio EAJri, eta, batez ere, mugikortasun arloan egin dizkio kritika garratzenak.
Garmendiak zin egin du, bera alkate izaten denean —«Donostiako lehen emakume alkatea», Erdialdean egindako aldaketak atzera botako dituela. Tamainako erabaki polemikoa inork gutxi aurreikusten duen arren, esanguratsua da Goiari azkura egiten dion zaurian gatza botatzen aritzea. Are gehiago, gobernukide izan direnenean.
Goiaren agintaldiko aldaketa garrantzitsuenetako bat izan da mugikortasuna, eta udalak garatu duen Datorren Donostia plana. Erdialdean jazotako aldaketa gehienak plan horren baitan kokatu ditu Goiak, baina norabide aldaketek eta Kontxako lanek sortutako kalapitak bizilagunen artean haserrea piztu dute.
Edonola ere, norabide aldaketez gain, jokoan dagoena da Erdialdean San Martin kalearen peatonalizazioa egingo ote den eta Egoiliarrentzako Lehentasuneko Eremua (ELE) non eta nola ezarriko den.
Mugikortasunari lotuta, metroaren igarobidea da hiriak duen proiektu handienetako bat: AHTaren geltokiaren moduan, urtez urte amaiera atzeratu egiten da, kosteak handituz doazen heinean. «Beharrezkoa ez dela eta», Satorralaiak eta hainbat bizilagun mugimenduk kritikatu dute proiektu «faraonikoa». Atzeratzen ari bada ere, atzera egiteko aukera gutxi dituzte metroaren lanek; azken fasean sartuta, bi urteko epean bukatzea aurreikusten da.
Lugaritz eta Morlans arteko 4,5 kilometroko bidea falta da egiteko. Apirilean atera dute lehiaketara, 20 milioi eurogatik. Metroaren lanen lehen adarra amaituta dago, eta Bentaberriko geltokia amaituta dago; bigarrena, berriz, egiten ari dira, eta 2025erako bukatzea espero da. Morlansko geltokia zulatuta dago jada, eta Erdialdea-Kontxakoa, berriz, indusketa prozesuan dago; abiadura baxuan, hainbat izan direlako zailtasunak. Hondartza ingurua zulatzea ez delako ez, batere erraza.
Udal gobernuaren kontra, Donostia Defendatuz
Proiektu handiak mahaigaineratu ditu Goiaren gobernuak azken legegintzaldian. Horiek guztiek izugarrizko eragina izango dute hiriaren etorkizunean. Proiektu handi guztien moduan, noski, etorri dira kexa handiak.
Joan den astean, hiriko 40tik gora eragilek manifestazioa egin zuten, eta «atsekabe» hori guztia laburtzen saiatu ziren, askotariko aldarrikapenak bateratuz: hiriko bigarren Basque Culinary Centerra eraikitzeko proiektua, «Manteo eta Zemoria parkeak espoliatuz, lurzoru publikoa oparituz eta finantzaketa publikoa konprometituz»; San Bartolome muinoan lau solairuko lurpeko aparkalekua eta merkataritza gunea egiteko proiektua; Arte Ederren eraikinaren eta Norteko geltokiaren eraisteak; Antondegin olatu artifizialen parkea egiteko proiektua; Santa Klarako Hondalea eskulturan bost milioi «xahutzea»; metroaren igarobidearekin lotutako kalteak; ingurumenaren «suntsiketa» multinazionalen makro parkearen «mesedetan», Belartza Goikoan; lurzoru naturalaren hondamena eta artifizializazioa; hiriko zuhaitzen kontrako «etengabeko gurutzada»; eraikin bereizgarri eta apartekiko «errespetu falta», «lehenik babesa kenduz eta ondoren behera botaz»; urbanizazio berriak non «espekulazioa nagusitzen» den alokairu babestua «alboratuz»; hiria berrantolatu behar duen Plan Orokor berriaren «atzerapen justifikaezina»; lurpeko aparkalekuen sustapena, «hiriko trafikoa areagotzen dutenak, mugikortasun eta osasunaren kaltetan»; «kontrolik gabeko» hotelen irekiera, «hiriaren turistifikazio masiboa bideratuz» eta etxe turistikoen «araudi traketsa», «menderatu beharrean ugaritzen dituena».
San Bartolome eta BCC 2
Azken hilabeteotan harrabotsik handiena sortu dutenen artean daude San Bartolomeko muinoaren proiektua, baita ere Gros eta Ulia artean joango den BCC 2 proiektua.
Donostiako Udalbatzak urteko lehen osoko bilkuran onartu zuen San Bartolome Hirigintza Esparruko Plan Berezia, eta 8.000 metro koadroko eta bost solairuko merkataritza zentro bat aurreikusten da muinoaren barnealdean, baita lau solairuko eta 270 plazako lurpeko aparkaleku bat ere.
San Bartolomeko hirigintza plana Odon Elorza alkate ohiaren garaitik dator, baina Bilduren udal gobernuak aldaketa batzuk egin zituen 2011-2015 legealdian. Irizpide orokorrak zehaztu zituzten, eta eremu bat gorde zuten hirugarren sektorearentzat. Ordea, ez zituzten aurreikusi merkataritza zentro bat eta aparkaleku bat. Goiak PSE-EEri eta EH Bilduri egozten die plana, nahiz eta 2015ean EAJk eta sozialistek sustatu zuten proiektua.
Apirilean Dendartean eta Ba Gera! merkataritza elkarteek eta Erdian Bizik, Donostia Defendatuzek eta Amara Baik udalak onartutako plan bereziari errekurtsoa jarri zioten. Kritika nagusiak zirkulazioaren pilaketa eta saltoki txikiei lehia eragitea dira. Elkarteek jarritako helegitearen harira, epaitegiek arrazoia emateko itxaropena agertu dute, Donostiako Udalak San Bartolome inguruari buruzko mugikortasun azterketarik egin behar ez izateko arauak urratu dituelako, proiektua baimentzeko Plan Bereziaren izapidetzearen barruan.
Helegitearen arabera, udalak ez du Plan Bereziaren Ingurumen Txosten Estrategikorik egin arkeologia aztarnak aztertzeko, eta, elkarteek diotenez, ez du aintzat hartu 200 plaza inguruko aparkaleku bat irekitzearen ondorioz airearen kalitateak izango duen okertzea. Edonola ere, helegitea ez da oztopoa lanak hasteko, proiektu guztiak prest baleude; izan ere, lanak kautelaz eteteko eskaerak milioi askoko fidantza ekarriko luke, eta ezingo lukete bere gain hartu.
Basque Culinary Centerrek Grosen egingo duen egoitzaren harira, auzoko berdegune bakarrenetako bat galtzea kritikatu dute bizilagunek. Okendo Alde Plan Berezia jada onartuta, atzera bota al daiteke?
Joan den martxoan eman zitzaion onarpena proiektuari, eta behin betiko proiektuaren faltan, ia-ia ezinezkoa dirudi atzera botatzeak.
HAPO
Gauza asko esan diren arren, kanpainan zehar gutxi hitz egin da martxan den Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berrikuspenaz. Akaso alderdiek badakitelako kontsentsuak beharrezkoak direla, eta hauteskunde promesekin ez dela nahikoa. Datorren urtean aurreikusten da HAPO berria edukitzea eta hainbat plan partzial onartu diren arren —aipatu Okendo Alde, kasu—, badirela batera edo bestera eraldatu daitezkeen proiektuak.
Horien artean dago, adibidez, Martuteneko Antondegi. Itxura guztien arabera, ez da bertan etxebizitzarik eraikiko, Eusko Jaurlaritzak hala hobetsi du eta. Ordea, zertara bideratuko den ikusteke dago, ezin baita ahaztu bertan aurreikusten dela surf parke famatua eraikitzea. Altzako Auditz Akularreko proiektua dago baita ere birdefinitzeko, kasua ezberdina den arren. Udalak proiektua eraldatzea aurreikusten du, besteak beste, egungo proportzioek ez diotelako errealitateari erantzuten.
Etxebizitzari lotuta, Plan Orokorrean aurreikusten diren arren, airean dauden beste bi proiektu dira Egiako Aldakonean eta Mundaizen aurreikusten direnak. Egingo direla zalantzan jartzen ez den arren, egun ez dago inolako proiektu zehatzik, ez eta aurreikuspenik.
Etxebizitza
Alkategai guztiak datoz bat etxebizitzarena dela hiriak duen arazorik larrienetako bat. Goiaren arabera, «etxebizitzaren arazoa betidanik egon da Donostian», eta, irudiz, ezin da askorik egin. Honi aurre egiteko EAJren errezeta behin eta berriro errepikatu du: etxebizitza parkea handitu behar da.
EH Bilduk, kanpainan zehar, 7.000 etxe berri egingo dituela zin egin du. Banaketan proposatzen du aldaketa, izan ere, jada onartuak dauden eta onartze bidean daudenen artean 6.328 etxe berri aurreikusten dira dagoeneko; ez da beraz, zifra horren desberdina.
Zein da, bada, bi alderdi nagusiek etxebizitzaren arazoari aurre egiteko proposatzen dituzten bide ezberdinak?
Babestutako etxebizitzen kopuruan dago erronka. Goiaren arabera, «denok daukagu asmoa edo nahia babes ofizialeko etxebizitza ahalik eta gehien sustatzeko, baina iraunkorrak izan behar dira operazioak». Hori horrela, Easoko trenbide inguruan aurreikusten diren etxebizitzak %100 babes ofizialekoak izatea hobesten du Goiak; ez, ordea, Loiolako kuarteletan, «operazio horrek 73 milioi euroko kostua izan duelako».
Azken bi legegintzaldietan, ordea, «operazio iraunkorrak» dira gailentzen ari direnak. 2015etik 2023ra 3.411 etxebizitza berri egin dira hirian: 1.993 libreak, eta 1.418 babestuak. Nahiz eta 2010-2020 aldian aurreikusitako etxebizitzen planifikazioan %60 baino gehiago babes publikokoak ziren, «eginikoaren %37 besterik ez da nolabaiteko babes maila bat duena», HAPOaren berrikuspenaren aurrerakin txostenean jasotzen denez.
Legeak dio promozio bakoitzean, gutxienez, %40 izan behar dela nolabaiteko babes maila duena. EH Bilduk kritikatu du, ehuneko horren barruan, %50 tasatuak egiten dituela egungo udal gobernuak, eta tasatuen prezioak pribatuen preziotik gertu egotean, ez dituela donostiarren beharrak asetzen.
Asko dago jokoan etxebizitzaren alorrean; Loiolako kuartelek auzo berri bat sortuko dute, hiriaren erdigune berri bat egiteraino. Eraikiko diren 6.328 etxe berrietatik, 4.206 izango dira Loiola eta Martutene artean; hau da, %66.
Turismoa
Azken hamar urteotan turismoak hirian izandako gorakada kontrolatu nahian dabiltza orain agintariak. Azken lau urteotan hainbat izan dira udalak hartutako neurriak: Parte Zaharra saturazio gune izendatzea; etxebizitza turistikoen ordenantza ezartzea; Plan Orokorra aldatzea eta saihestea automatikoki etxebizitza blokeak zirenak hotel bihurtzea; eta, berriki lizentzia berrien suspentsioarena.
Baimen berrien suspentsioa hiru auzo eta erdian egin da, hau da, Erdialdean, Grosen, Antiguan eta Egiako zati batean. Goiak adierazi du gune horietan mantentzearen alde dagoela, eta, aurrera begira, «hiri guztian, etxebizitza erabilera duten leku guztietan» jarduera turistiko berririk ez esleitzea. Bistakoa da goia jo duela edukierak Donostian, eta hori gobernatzea tokatuko zaio alkate berriari. Afera da ea ohe muga honen barruan mantenduta bisitariak erakartzen jarraituko den, edo Bizilagunekin gisako plataformek eskatzen duten moduan, desazkunde turistikora urratsak egiten hasten den.
Zientziaren hiria
Turismoaren arazoa gobernatuta, Eneko Goiaren gobernuak apustu estrategiko garrantzitsu bat jarri du Donostiarentzat, datorren urteetako bilakaera ekonomikoa ulertzeko ezinbestekoa izango dena. Zientziaren alorrean, Donostia mundu mailako erreferentea bihurtzea.
Sarri errepikatu du Goiak kanpainan ideia hau bera: Nature aldizkariak esan zuen munduan dauden 200 hirien artean gaudela publikazio zientifikoen kopuruari dagokionean. Miramongo parke teknologikoa handitzea jarri du helburutzat Goiak, eta Viralgen eta Bayer gisako enpresak bertaratzeari balio handia eman dio.
Zubietako Eskusaitzeta industriagunea izango da hiriaren eraldaketan oinarrizko beste ardatz bat. Gipuzkoak duen zerbitzu eta lur industrialaren erreserba handiena da Eskusaitzetakoa, eta udal gobernuak zerbitzu jarduerak indartzeko duen apustu nagusiena da. 25 milioi euroko inbertsioa egin du udalak honezkero. OTIS, DFG edo Supresu enpresak bertan ari dira lanean, baita Naturklima ere. Eta martxan dira Mubil Elektromugikortasun poloaren eta Biotech Foods enpresaren egoitza berrien lanak. 2027an erabat funtzionamenduan egongo balitz, Gipuzkoako industriagune handiena litzateke.
Nahi beste fardel bero
Fardel beroak nahi beste izango ditu udal gobernu berriak. Auzoen desoreka nabarmenak orekatuko dituen Donostia baterantz bidea egitea —eta, adibidez, Martuteneko behin-behineko biribilgunea ez dadin bost urtez izan behin-behineko—; Belartza Goikoa proiektuaren kudeaketa, eta, bertako logistika zentroarena —Amazonek Oiartzunen ez egitea erabaki zuenetik, denen ahotan da Belartzan irekitzeko aukera, merkataritza txikiaren kaltetan—; gizarte zerbitzuen kasuan, kale egoeran lotan dauden pertsonen arreta, eta La Sirenaren irekiera neguan, edota Villa Saliaren kudeaketa; segurtasunaren aferari nola egin aurre —EAJk, PSE-EEk eta PPk proposatzen duten «polizia gehiago» formularekin edo bestela— ; kultura arloan, egun dagoen eskaintzaz gain, eredu ezberdinak sustatuko diren edo ez —Txantxarreka gaztetxea, edo Guardetxearen kasuak demagun—; saltoki txikien etengabeko itxierak kontrolatzeko zerbait egingo den edo ez, eta abar luze-luze bat.
Hauteskunde kanpainak gogaikarri samarrak direla ezin uka. Baina jokoan dagoena ez da gutxi. Hiri ereduaren eraldaketa azkar honen aurrean azeleragailua sakatu, edo larrialdietarako frenoari emateko aukera dute herritarrek igandean. Tira, edo denak antzeko jarraitzeko. Azken finean, udaletik ezin da gauza askorik aldatu. Edo bai?