Alkategaiek bozkatu dute dagoeneko
09:00etatik daude irekita hauteslekuak, eta donostiarrak lehenengo ordutik ari dira udal eta foru hauteskundeetarako botoa ematen. Horrela, bost alkategai nagusiek dagoeneko bozkatu dute. Bostek hauteskundeetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Eneko Goia EAJren alkategaiak eguerdi aldean eman du botoa, Aieten. Bozkatzera deitu ditu donostiarrak: “Uste dut jendeak erantzungo duela, eta masiboki bozkatzera etorriko dela”, adierazi du Goiak.
EH Bilduren alkategai Juan Karlos Izagirreri dagokionez, Igeldoko ikastetxe publikoan bozkatu du eguerdian, eta nabarmendu du “ilusioa” ikusi duela bozkalekuetan: “Gaur aukera paregabea daukagu donostiarrok Donostia berreskuratzen hasteko, donostiar guztiak hobeto bizi ahal izateko”.
Marisol Garmendia PSE-EEren alkategaiak goizean eman du botoa, eta nabarmendu du “Donostiako emakumeek, gazteek, adinekoek eta donostiar guztiek aukera paregabea” dutela gaur “euren donostiartasuna adierazteko”: “Aukera dute adierazteko zer hiri nahi duten: aurrera begiratuko duena, aldaketa lasai batekin; atzera begiratzea edo gauden moduan gelditzea”.
PPren alkategai Borja Corominasek nabarmendu du “gozatzeko eguna” dela gaurkoa: “Gurasoek seme-alabak bozkatzera ekartzeko eta demokraziaren festa zer den erakusteko eguna da”. Halaber, “ilusioarekin eta beldurrik gabe” bozkatzera deitu ditu donostiarrak “Donostia aldatzeko”.
Victor Lasa Elkarrekin Podemosen alkategaiak Antiguan bozkatu du goizean, eta adierazi du “historiako hauteskunderik garrantzitsuenak” direla gaurkoak “Donostiako etorkizunarentzat”. Bere hautagaitzak “emaitza onak” izatea espero duela gaineratu du, “Donostian erabakigarriak” izateko.
IRUTXULOKO HITZAk hauteskunde gauaren jarraipen berezia egingo du, auzoz auzoko datuak bertatik bertara emanez, besteak beste. Horrela, udal hauteskundeen inguruko eduki, datu eta elkarrizketa guztiak hemen kontsultatu ditzakezue.