Badoaz eta badatoz
Legegintzaldi batek askorako eman dezake, eta ohikoa izaten da zinegotzien joan-etorria. 2019an Donostiako Udalbatza osatu zuten 27 zinegotzietatik bost aldatu dira joan den legegintzaldi honetan.
Gaurko udal hauteskundeek nabarmen eraldatuko dute Donostiako Udalbatza. Orain arteakoa 2019ko ekainean osatu zuten 27 zinegotzirekin: EAJko hamar, EH Bilduko sei, PSE-EEko bost, PPko hiru eta Elkarrekin Donostiako hiru. Kopuruak ez dira aldatu azken lau urteotan, baina zinegotzien joan-etorria agerikoa izan da.
Legealdiko bi agur esanguratsuenak Borja Senper eta Ernesto Gasco alkategaienak izan ziren. Biek 2020ko urtarrilean iragarri zuten udalbatza utziko zutela, udalbatza osatu eta hilabete gutxira. Biak izan ziren ezustekoak, eta biek arrazoi desberdinengatik hartu zuten erabakia. Senperrek politika utzi nahi zuelako –duela gutxi itzuli bada ere Alberto Nuñez Feijooren eskutik– eta Gascok Madrilen kargu bat eman ziolako Espainiako Gobernu sozialistak. Zehazki, haur pobreziaren aurkako goi mandatari izendatu zuten.
Popularrek eta sozialistek euren udal taldeak berrosatu behar izan zituzten. Borja Corominas izendatu zuten PPko bozeramile, eta Senperrek utzitako zinegotzi akta Jorge Motak hartu zuen. Aldiz, Gascoren hutsunea Cristina Lagek hartu zuen, gerora, Turismo zinegotzi izendatu zutena. Sozialisten udal taldean beste aldaketa bat egon zen 2020ko urrian, Enrique Ramosek uztea erabaki zuenean. Ane Oiarbidek hartu zuen haren eserlekua, eta, beranduago, Berdintasun zinegotzi izendatu zuten.
EAJk aldaketa bakarra izan du azken lau urteotan. Jaime Domingez-Macaya Ogasun zinegotziak 2021eko abenduan utzi zuen udalbatza Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren bokal izateko. Kerman Orbegozok hartu zuen haren lekua eta kargua. EH Bilduk ez du aldaketarik izan udal taldean, baina Elkarrekin Donostiak bai, eta nahiko polemikoa izan zen. Haizea Garai Ezker Anitzako ordezkariak dimisioa eman zuen 2022ko irailean, eta urrian utzi zuen udalbatza. Garaik salatu zuen Ahal Duguko Aitzole Araneta zinegotziak «hitzez eta fisikoki jazarri» zuela. Hilabete berean, Bixente Sacristanek hartu zuen Ezker Anitzako zinegotziaren lekua.
Jarraituko ez dutenak
Hainbat dira datorren legegintzaldi berri honetan jarraituko ez duten zinegotziak. EAJk hamar zinegotzi lortu zituen 2019an, eta emaitza horretara mugatuz gero, udal taldeak aldaketa esanguratsuak izango ditu. Eneko Goia izango da alkategaia, berriz ere. Dena dela, Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziak eta Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak uztea erabaki dute. Azken legealdian kritika dezente jaso dituzte gidatu dituzten sailek. Erdialdeko zirkulazioaren berrantolaketak jo puntuan jarri du Arana eta Mugikortasun Saila. Aldiz, San Romanen Gizarte Ekintza Sailak Antiguako La Sirena aterpetxearen inguruan egindako kudeaketak hiriko gizarte eragileen protesta asko ekarri ditu. Jaione Hervasek ere ez du jarraituko. Ordea, aurpegi berriak dira Olatz Yarza, Ana Lopez eta Idoia Gracia.
EH Bilduk sei zinegotzi ditu egun, eta horietatik gehienek jarraituko dute. Juan Karlos Izagirre izango da alkategaia –2011 eta 2015 urteen artean hiriko alkate izandakoa–, Reyes Carrereren testigua hartuz. 2019ko alkategaiak eta bozeramaileak udala utziko du. Zigor Etxeburuak ere ez du jarraituko lau urteko esperientzia bete ostean. Izen berriei dagokienez, Javi Vitoria, Itziar Iturri eta Izar Hernando dira aipagarrienak.
PSE-EEren kasuan, bi figura garrantzitsuk esango diote agur udaletxeari: Duñike Agirrezabalagak eta Migel Angel Diezek. Agirrezabalagak hogei urte daramatza zinegotzi gisa, bi etapatan. 2003 eta 2011 artean, Ezker Batuaren ordezkari izan zen, eta, 2015etik 2023ra, PSErena. Lehenago, ordea, Donostiako Udalean ere lan egin zuen, Ezker Batuko Antton Karrera zinegotziaren aholkulari gisa, eta, beraz, 28 urteko harremana utziko du. Diezek berriz, hamalau urteren ostean esango dio agur udaletxeari. Iñaki Gabarain izango da PSE-EEren ziengotzi berria.
PPk Borja Corominas izendatu du alkategai, eta Mikel Lezamak ez du udalean jarraituko Gipuzkoako ahaldungai gisa aurkeztuko delako. Elkarrekin Donostiak, berriz, koalizioaren izena aldatuko duela dirudi. Ahal Dugu-Ezker Anitza gisa aurkeztuko dira, eta Victor Lasa izango da alkategaia eta Arantza Gonzalez zerrendako bigarrena.