Reala, izarren artera
Matematikoki Txapeldunen Ligara sailkatu da talde txuri-urdina, Atletico Madrilen zelaian galdu arren.
Alexander Sorlothek egin du Realaren gola Wanda Metropolitano futbol zelaian. (Argazkia: Reala) Jardunaldi baten faltan, Reala izarren artera itzuliko da datorren sasoian. Klubaren historian bosgarren aldiz sailkatu dira Txapeldunen Ligara, eta aurreko aldia duela hamar urte izan zen, 2013-2014 denboraldian.
Txuri-urdinek galdu egin dute Atletico Madrilen kontra (2-1), baina Vila-realek ere Rayoren zelaian galdu duenez, helburua bete dute. Alexander Sorloth aurrelari norvegiarrak egin du Realaren gola, eta Antoine Griezmann txuri-urdin ohiak eta Nahuel Molinak madrildarrenak.
Ligako azken aurreko jardunaldian ziurtatu dute laugarren postua txuri-urdinek. Horrela, Anoetan jokatuko duten Sevillaren kontrako azken partida lorpena ospatzeko eguna izango da. Datorren igandean izango da, ekainaren 4an, 18:30ean.


