Amaitu da EAJren etengabeko igoera
Aurpegi serioak atzo Antiguako Batzokian. Zenbaketak oraindik amaitu gabe zeuden arren, EAJk azken hauteskundeetan aldundietan eta udal handietan izandako hegemonia galduko zuela argi aurreikusten zen eta.
Abstentzioak nola eragingo zuen beldur ziren jeltzaleak. Izan ere, analisietan sakon aztertzen ez den arren, abstentzioa izan zen garaile atzoko hauteskundeetan: bozetara deituta zeuden herritarren %59,9ak soilik bozkatu zuen. Hau da, hamar lagunetik lauk ez dute parte hartu. Alderdi bakoitzari nola eragiten dionetik harago, oso kontuan hartzekoa da datua.
EAJ zigortu dute herritarrek. Zalantzarik ez da. Halaxe onartu zuten jeltzaleek Antiguan egindako agerraldian. EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko buru Joseba Egibarrek balorazio negatiboa egin zuen: “Gaurko gaua ez da ona, eta irakurketa kritiko bat egin behar dugu. Gizarteak hitz egin du, eta hor dago herriaren epaia”. Izan ere, Donostian garaile izan den arren, 10.000 boto inguru galdu ditu lau urtean EAJk.
Ez dute arrazoien balorazio xeheagorik egin, baina aurrera begira “zer hausnartua” dagoela adierazi dute. Bi erreferentzia nagusi zituztela onartu dituzte, Donostia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak, eta bi horietako emaitzak kaskarrak direla onartu dute. Gipuzkoan 25.362 boto galdu dituzte.
Eneko Goiak ere hartu zuen hitza Antiguan, eta alderdikideei eskerrak eman zizkien. Emaitzak espero baino okerragoak zirela onartu zuen Goiak: “Ez da gau on bat”. Edonola ere, irabazleak direla nabarmendu zuen. Ez zen Egibar bezain autokritikoa izan, baina honela baloratu zuen bozka beherakada: “Ulertzen ditut mezuak, eta horiek ulertuta jarraituko dugu. Hiritarren zerbitzura dago EAJ. Hemen gaude eta hemen jarraituko dugu”.
“Zigorra”
“Zigorra” hitza erabili dute jeltzaleek behin eta berriz. Gobernatzearen ondorioz datorren zigorra, alegia. Analisian adjektibo bat falta zaie, ordea. Ondo edo gaizki gobernatu daiteke eta. Edo, tira, gutxienez hori izango da herritarren iritzia.
Honela, 2015-2019koa izan zuen Eneko Goiak lehen agintaldia. 2015eko haietan, 29.029 boto lortu zituen EAJk, EH Bilduren alkatetza kentzeko egindako kanpaina indartsuaren ondoren. Bada, legegintzaldi horren ostean 6.000 boto igo zituzten jeltzaleek, emaitza historikoak lortuz, 34.065 botorekin.
Igandean, 10.000 boto galduta, herritarrek mezu argi bat eman diote EAJri. Mezua ulertu zuela esan zuen bart Goiak, baina ikusteko dago zeintzuk diren arrazoi nagusiak. Argi dago azken legegintzaldian polemika eta arazo askoren erdian egon dela Donostiako Udal Gobernua: etxebizitza prezioak inoizko altuenak dira, inoiz baino hotel gehiago daude hirian –eta inoiz baino lizentzia gehiago eman dira–, ondare historikoaren txikizioa nabarmena izan da, zirkulazio aldaketek buruhauste ugari sortu dizkiete bizilagunei, eta abar. Proiektu polemikoak ere tarteko: Basque Culinary Centerren egoitza berria eta San Bartolomeko muinoko proiektua, esaterako.
Gauzak horrela, zinegotzi bakarra jaitsi duen arren, beherakada izugarria izan du EAJk. Oraindik urrun dago 2011ko emaitza kaskarretatik –15.582 boto lortu zituen orduan–, baina joerak kezka sortu du jeltzaleen artean, azken hamar urteotako etengabeko hazkundearen ostean, zulatu delako puxika.
Goia, alkate
Edonola ere, itxura guztien arabera, orain arteko aliantzarekin jarraituko dute jeltzaleek PSE-EErekin. Eta, honela, Donostiako aginte makila Goiarentzat izango da berriro ere. Ikusi beharko da, ordea, zer gertatzen den Gipuzkoako Foru Aldundian.
Izan ere, Maddalen Iriarte izan da, aldearekin, Gipuzkoako bozkatuena, eta gertu dauka aginte makila: EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen artean 25 hautetsi dituzte, EAJk eta PSE-EEk dituzten kopuru bera. EAJk argi esan zuen Eider Mendoza aurkeztuko duela Ahaldun Nagusi izateko.
PPk desblokeatu beharko luke, eta Espainiako hauteskundeak gertu edukita, zaila dirudiena arren akordio estrategia bat abiatzea Hego Euskal Herrian, oso kontuan hartu beharko da Carlos Iturgaizek atzo esandakoa: “PPren esku dagoen heinean, ez da EH Bilduko alkaterik ez eta Ahaldun Nagusirik izango Euskal Herrian”.
Ekainaren 17an, beraz, alkate berbera edukiko dugula dirudien arren, lau urte oso ezberdin aurreikusi daitezke aurretik. Koalizio gobernuan PSE-EEk pisu handiagoa izango duelako, batetik, eta, bestetik, azken urteotako politika gogorrak leundu beharko dituztelako.