Gasteizko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea antolatu du mugimendu feministak
Orioko erailketa matxista gertatu eta egun gutxira, Gasteizen emakume bat hil du bere bikotekide ohiak. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak gogor salatu ditu bi erailketok, eta elkarretaratzea antolatu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Donostian asteartean izango da, 19:00etan Bulebarrean.
Zabaldu dutenez, eraildako emakumeak Maialen zuen izena, 32 urte Gasteiztarra. Haurdun zegoen bere bikotekide ohiak erail zuenean eta logelan hiru urteko haien semea ere bazegoen. “Ezin ahantzi beraz, kasu honetan indarkeria patriarkalak hainbat dimentsio izan dituela, umeen kontrako biolentzia hain zuzen ere. Beraien bizitzetan indarkeria-egoerak bizi dituzten umeak horren zuzeneko jasotzaileak dira”, salatu du mugimendu feministak. “Kasu hau indarkeria horren egoera latzenetarikoa izan da, eta Maialen ez ezik, bere umea ere indarkeria matxistaren zuzeneko biktima da”, gaineratu dute.
Emakumea orain gutxi arte Valentzian bizi zen, eta bertan “muturreko arriskuko biktima” gisa katalogatuta zegoen, haren hiltzaileak berarekiko urruntze agindua zuen ezarrita. Mugimendu feministak azaldu duenez, Euskal Herrira bueltatu zenean, joan den astean, Ertzaintzak , “arrisku kategoria, oinarrizko kategoriara” jaitsi zion.
Honen aurrean, epaitegiari eta Ertzaintzari galdegin diote ea zergatik egin zuten aldaketa hori eta egoera argitzeko exijitu dute: “Beste behin ere, agerian geratzen dira haien mugak eta indarkeria matxistarekin behingoz amaitzeko estrategia integral oso baten falta dutela”.
“Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu. Nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula”, gehitu dute.