Goia: «Dagokiona da lehenengo kontaktua alderdi sozialistarekin egitea»
Eneko Goia Donostiako alkateak gobernu koalizioa errepikatu nahi du PSE-EErekin, udal gobernua osatzeko. Hala ondorioztatu daiteke behintzat astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan egindako adierazpenetatik: “Hiri honek koalizio gobernu bat dauka momentu honetan. Beraz, nik uste dut dagokiona dela lehenengo kontaktua alderdi sozialistarekin egitea, beraien asmoa eta nahia zein den ezagutzeko eta ikusteko akordiorako biderik dagoen hala ez”. Hauteskundeetako emaitzak eta azken urteotan EAJren eta PSE-EEren arteko akordioen joera aurreikusi zitekeen zerbait da hori; gainera, bi alderdien zuzendaritzek ere akordioak ixtearen aldeko jarrera berretsi dute.
Gainontzeko alderdiekin ere hitz egingo duela gaineratu du Goiak: “Ez dakit beste taldeek zer asmo eta zer nahi dituzten, eta horiek ere mahai gainean jarri beharko dira”. Hala ere, helburua argi duela dio alkateak: “Uste dut hiri honek merezi duela egonkorra izango den gobernu bat, eta hori lortzen saiatu beharko garela, bai ala bai”.
“Agian ez gara behar bezain fin ibili”
EAJk izandako boto galera orokorrari buruz galdetuta, alderdiak “bere gogoeta” egin beharko duela nabarmendu du Goiak, eta berak ere horretan parte hartuko duela. Hiriko boto galeraren inguruan –10.000 boto galdu dituzte jeltzaleek–, auto kritiko agertu da alkatea: “Hiriari begira aztertu beharreko gaiak egongo dira. Adibide bat jartzearren, Norteko geltokiaren eraisketa nahiko gauza deigarria izan zen, eta nahiz eta ardura ez den udalarena, agian azaldu behar genuen zergatik gertatzen ari zen hori. Eta, gauza bera mugikortasunaren inguruan, turismoaren inguruan, eta abar. Badira hainbat gauza azalpena merezi dutenak, baina agian ez gara behar bezain fin ibili, eta gauza batzuk ez dira ulertu. Horrek denbora beharko du, baina bidea badakigu zein den, oso argi daukagu”.