Manuela Vanegasek beste bi urterako berritu du kontratua
Realaren emakumezkoen taldea datorren denboraldiari begira ari da lanean, eta jarraituko duen jokalari baten berri eman du.. Manuela Vanegas atzelari kolonbiarrak kontratua berritu du 2024-2025 sasoiaren bukaerara bitarte. “Manuelak funtsezko jokalaria izaten jarraituko du Realaren orainean eta etorkizunean”, adierazi du klubak. Vanegasek, berriz, aitortu du “datorren urterako ilusioa” duela eta denboraldia “helburu berriekin” hasteko gogotsu dagoela.
Talde txuri-urdinak hilaren 22an jakinarazi zuen bost jokalarik ez dutela jarraituko hurrengo denboraldian. Alde batetik, Maddi Torrek, Allegra Poljakek, Gemma Gilik eta Gabriela Garciak ez dute jarraituko, eta, bestetik, Jade le Guillyk bukatu egin du Realean utzita jokatu behar zuen denbora.