Villa Saliako lanak berrabiarazteko prozesua hasi du udalak
Egiako Villa Salia eraikineko lanak amaitzeko proiektuaren lanak kontratatzeko espedientea onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Lizitaziorako aurrekontua 1.511.091 eurokoa da, eta gauzatzeko epea zortzi hilabetekoa; orain, kontratua adjudikatu beharko du udalak. Europako Next Generation Funtsek finantzatutako proiektua da Villa Saliakoa.
Jai Alai eremuan dago Villa Salia, eta lanen kontratua eten egin zuen udal gobernuak urtarrilean, Murias enpresa adjudikaziodunak ez zuelako bere egitekoa bete. Hain zuzen ere, lanek geldirik zeramatzatzen hainbat hilabete. Udalak 2021eko azaroan adjudikatu zuen hasierako kontratua 1.855.670 euroren truke.
Jai Alai kaleko 17. zenbakian dago Villa Salia –1944. urtekoa da–, eta 2021eko abenduaren 13an hasi ziren birgaitze lanekin. Proiektuaren helburua da eraikina zentro bihurtzea bi zerbitzu eskaintzeko. Batetik, eguneko zentroa izango da etxerik gabeko pertsonentzako. Bestetik, zaurgarritasun zein babesgabetasun egoeran dauden eta adingabean dituzten familiei arreta egiteko zentro espezializatua izango da.