"AB Krosak inoizko parte hartzerik handiena izango du"
Larunbatean, hilaren 3an, zortzigarrenez egingo dute Amara Berriko euskararen aldeko lasterketa, eta 140 korrikalari baino gehiagok eman dute izena.
Berritsu euskara elkarteak antolaturiko 8. AB Krosa partaidetza errekorra haustera doa. “Inoizko parte hartzerik handiena izango du. 135 lasterkarik osaturiko urtea izan zen jendetsuena, baina marka hori hobetu dugu dagoeneko. 140tik gora pertsonak eman dute izena, eta 150 lasterkariko langa gaindituko dugulakoan gaude”, aurreratu du Iñigo Azurmendi antolatzaile taldeko kideak.
Aurreikuspen guztiak bete ostean, kamiseta eta poltsa guztiak agortu dituzte. “150 partaiderentzako prestatu genituen kamisetak eta poltsak, eta horiek guztiek jasoko dute. Horrela ere, oraindik izena eman daiteke prezio murriztuan –10 euro ibilbide luzea eta 5 euro laburra–. Ez dute kamisetarik eta poltsarik jasoko, baina dortsala izango dute eta zozketa guztietan parte hartu ahal izango dute”, azaldu du Azurmendik.
AB Krosak inoizko partaidetza handiena izango duenez, izena emateko epea bihar 00:00etan ixtea erabaki dute: “Dortsalak jasotzerako orduan ilara luzeak saihesteko, larunbatean ez dugu izen emate presentzialik egingo”.
Parekidetasuna
Izena eman duten gizonen eta emakumeen kopurua berdintsua dela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, %55 dira gizonezkoak eta %45 emakumezkoak. “Beste lasterketa batzuekin alderatuta, emakumeen kopurua nahiko altua da gure lasterketan. Parekidetasunetik gertuago gaude, eta hori da gure helburuetako bat”, dio Azurmendik.
Iaz itzuli zen AB Krosa pandemiak eragindako bi urteko etenaren ostean. Indarberrituta itzuli ziren, eta aurten beste urrats bat egin dutela aitortu du Azurmendik: “Lan taldean beste bi kide ditugu, eta freskotasuna ekarri dute. Nolabait, antolatzaileon taldea gaztetu dute, eta ideia berriak ekarri dituzte. Oso pozgarria izan da”. Hori gutxi balitz, auzoan laguntzaile eta babesle gehiago lortu dituzte, eta horrekin ere “oso pozik” daude.
Bi ibilbide
Lasterkariek ibilbideari bira bat edo bi emateko aukera izango dute. Alegia, 3 kilometrokoa da lehen bira eta 6 kilometrokoa bigarrena. Ekainaren 3an 19:00etan abiatuko da proba Isabel II.aren hiribidetik, eta Amara Berriko eta Loiolako Erriberako hainbat kale zeharkatu ondoren, hasitako leku berean egongo da helmuga.
Arrosa kolorekoa da aurtengo kamiseta, IRUTXULOKO HITZAk babesturikoa. Horrela, emakumezko eta gizonezko korrikalari azkarrenek hedabide honen urtebeteko doako harpidetza lortuko dute.
Egitarau zabala
Lasterketaz gain, egitarau zabala izango du AB Krosak, eta auzoa girotuko duten hamaika ekitaldi egongo dira arratsaldean zehar. 17:00etan hasiko dira haur jolasak Amara Berriko Haur Txokoaren eskutik. Krosa 19:00etan izango da, eta ostean, sari banaketak eta zozketak egongo dira auzoko denda, taberna eta hainbat erakunderen eskutik. Arratsaldea amaitzeko, 20:30ean, Tross ta Petri Donostiako musika taldearen kontzertua izango da. Ekitaldi guztiak Amara Berriko Probestu plazan izango dira.