Bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra jarri diote gizon bati bere ilobari sexu erasoak egiteagatik
Gipuzkoako Justizia Auzitegia. Bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra jarri diote gizon bati Donostian, 13 urteko ilobari sexu erasoak egin izana onartu ostean. Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioko epaiketan onartu ditu gizonak gertakariak, eta hori dela eta, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak hasieran jarritako zigor eskaerak murriztea erabaki dute. Izan ere, hamahiru urteko zigorra eskatu zuten hasiera batean.
Fiskalaren akusazio idazkiak jasotzen duenez, Donostiako etxebizitza batean egin zizkion sexu erasoak ilobari, 2020ko ekainetik irailera bitartean. Elkarrekin bizi ziren bertan, beste hainbat heldurekin batera.
Kartzela zigorraz gain, gizonak debekatuta du ilobarengana gerturatzea zazpi urtez, eta 6.000 euro ordaindu beharko dizkio, eragindako kalteengatik. Gainera, espetxetik irteten denean zazpi urte eta bederatzi hilabeteko zaintzapeko askatasun egoeran egongo da.

