Carmen Arroyo eta Lyndie Tchaptchet jokalariak fitxatu ditu Bera Berak
Bera Bera eskubaloi taldeak datorren denboraldirako lehen bi fitxaketak iragarri ditu: Lyndie Tchaptchet pibote nafarra eta Carmen Arroyo alboko espainiarra. Hurrengo bi urtetarako kontratua sinatu dute klub donostiarrarekin.
Kamerunen jaio arren, Iruñean bizi da Tchaptchet. Atarrabiako Beti Onak taldean hazi eta trebatu da. Eurekin igo zen eskubaloiaren ohorezko mailara eta aurten egin du ligan debuta. Urtarrilean 18 urte bete zituen, 1,85 metroko garaiera du eta sei metroetan duen indarrengatik nabarmentzen da.
Aldiz, Ciudad Realekoa (Espainia) da Arroyo. Azken sasoian zeresana eman du Xixonekin, bere debut urtean. 19 urte eta 1,80 metroko altuera du. Kanpoko jaurtiketetan oso ondo moldatzen da, eta hori bera pairatu behar izan du denboraldi honetan Bera Berak haren aurka jokatu duenetan.