"Istorio hauek gazteengana iristea gustatuko litzaidake"
Hirugarrenean uztartu ditu Donostia eta txirrindularitza. ‘Tropel amaigabea’ liburua argitaratu du Raul Perez Martinezek (Paris, 1976). Txirrindularitzari buruz idatzi duen hirugarrena da, 2012ko 'Jaques Anquetil' eta 2018ko 'Biba Coppi!' lanen ondoren. Liburua idazterakoan «asko» gozatu duela aitortu du. Erraz irakurtzeko istorioen bilduma «xumea» dela dio. Ordea, txirrindularitzari buruzko liburu gutxi daude euskaraz, eta horietako hiru berak idatzi ditu.
Zein da tropel amaigabea?
Donostiara azken 100 urteotan etorri diren txirrindulari ezagunek osatzen dute tropel amaigabea. Argi utzi nahi nuke ziklista horien aukeraketa librea izan dela. Hautaketa libreetan, irakurle adituak beti aurkituko du baten bat faltan eta besteren bat sobran. Daudenak daude, gehiago edo beste batzuk egon zitezkeen. Hori da tropel amaigabea.
Donostiak eta txirrindularitza profesionalak duten harremana du oinarri liburuak. Harreman hori duela mende batekoa da?
Euskal Herriko Itzulia 1924an egin zuten lehenengo aldiz. Ordukoa da txirrindularitza profesionalaren eta hiriaren arteko lehen harremana. Alegia, datorren urtean Itzuliaren mendeurrena izango da. Hortik abiatu nuen dokumentazio lana. Aurretik baliteke lasterketaren bat egin izana, baina ziur nago Itzulia izan zela lehendabiziko lasterketa garrantzitsua. Frantziako Tourrean ibilitako batzuk etorri ziren. Donostiako Klasikoa askoz ere beranduago sortu zen, Espainiako Vuelta ere, eta Tourra 1949an iritsi zen lehen aldiz Donostiara. Beraz, bai, harremana 100 urtekoa da.
Hiritik pasatu diren ziklismoaren izarren ibilera batzuk jaso dituzu liburuan. Istorio esanguratsuenak dira?
Horiek dira nik aurkitu ditudanak, eta horietatik aukeratutakoak. Arakatuz gero, ziur nago gehiago atera zitezkeela. Hori bai, hautaketa prozesuan irizpide bat erabili dut. 1980ko eta 1990eko hamarkadei tarte handiegia ez ematen saiatu naiz. Horiek dira gehien bizi izan ditudanak, eta garai horietako izar gehiago sar nitzakeen. Ordea, iruditu zitzaidan istorioen bilduma desorekatua geratuko zela. Adibidez, Davide Rebellin italiarra duela gutxi zendu zen, eta Donostiako Klasikoa irabazitakoa da. Dena dela, 97an lortu zuen garaipena, eta dagoeneko istorio dezente nituen idatzita.
Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa, Espainiako Vuelta eta Frantziako Tourra dira aipaturiko istorioen oinarria. Anekdota asko daude?
Bai, Donostiara etorritako txirrindulari asko ospetsuak direlako. Hiri honetan kultur ekitaldien garaia iristean eta urtemugaren bat bada, oso ohikoa izaten da komunikabideek jasotzea nor etorri den Donostiara. Adibidez, Zinemaldira datozen izarrak nabarmentzen dira kroniketan. Txirrindularitzari dagokionez, anekdota asko daude, batez ere, hona etorritako ziklista ezagunengatik.
Nolakoa izan da dokumentazio prozesua liburua osatu ahal izateko?
Galdera horrek ez du erantzun errazik. Zaletasunetik egindako zerbait denez, ezin dut kalkulatu zenbat denbora behar izan dudan. Aurreko liburua argitaratu nuenetik bost urte pasatu dira, baina horrek ez du esan nahi bost urteotan buru-belarri aritu naizenik liburu hau idazten.
Informazioa biltzerako orduan, zerbaitek harritu al zaitu?
Egia esan, bai. Asko harritu ninduen jakiteak Txomin Perurena, Luis Ocaña eta Felice Gimondi, besteak beste, Urgulleko ziklo-kros lasterketa batean izan zirela. Bestalde, Amara Berriko Madril hiribidean, oker ez banago, garaiko onenek ere kriterium batean parte hartu zuten. Aitortu behar dut horren berririk ez nuela, eta ezusteko ederra izan zen istorio hura ezagutzea. Horrelako dokumentazio lanetan, nahiz eta pasarte batzuk ezagutu, beti daude harritzen zaituzten istorioak.
Horietako istorioren bat aipatuko zenuke amu gisa?
Liburua Jaques Marinelli txirrindulari frantziarraren istorioarekin hasten da, eta aipagarriena iruditzen zait. Donostiako lehen maillot horia izan zen, 1949an, Frantziako Tourra Donostiara aurreneko aldiz iritsi zenean, Marinelli zelako liderra. Ezin dut ziurtatu, baina bizirik dagoen maillot hori zaharrena dela esango nuke. Gaur egun, 97 urte ditu. Hori dela eta, Donostiako Udalari proposamen bat luzatu nahi nioke, polita litzakeelako Marinelliri omenaldi bat egitea. Ez du zertan gure hirian izan behar, baina ondo legoke, egia esan.
Era berean, 1992an gurean izan ziren ziklistak omentzea ondo legoke. Urte hartan Donostiatik abiatu zen Frantziako Tourra, eta izen handiko txirrindulariak izan ziren hemen; Miguel Indurain eta Alex Zulle, besteak beste. Hain zuzen ere, Indurain, Zulle eta Marinelli dira maillot horia Donostian jantzi dutenak. Laugarrena uztailaren 2an jakingo dugu zein den, eta ez dut uste ezezaguna izango denik.
Eta nor izango da edo izatea nahi zenuke Donostiara horiz jantzita iritsiko dena?
Peio Bilbao edo Mikel Landa izatea nahi nuke, baina Julian Alaphilippe esango dut. Bilboko etapa amaierak aldapa gogorra du helmugatik gertu, berarentzat oso aproposa dirudi.
Frantziako Tourra aipatuta, uztailaren 1ean Bilbotik abiatuko da, eta egun bat beranduago iritsiko da Donostiara. Gran Depart delakoaz zer iritzi duzu?
Ilusio handia eragiten dit, 1992koaz oso oroitzapen ona daukadalako. Guretzat abentura moduko bat izan zen. 16 urte genituen, eskola bukatu berri, hiru egun Donostian. Gogoan dut egun osoa eman genuela Argentinar Errepublikaren kalean, erlojupekoa ikusten. Imajinatu zer izan zen, bertatik bertara ikusi genituelako Greg Lemond, Gianni Bugno, Laurent Fignon, Peio Ruiz Cabestany eta Miguel Indurain. Azkena bera izan zen ateratzen, maillot horiarekin, eta hark irabazi zuen erlojuaren kontrakoa. Bizitza osorako geratu zitzaigun oroitzapena da. Gainera, txirrindularien artean ibili ginen biharamunean eta hurrengo goizean. Ahaztezina izan zen. Aitortu behar dut horrelako bat Donostian ikusiko dudan aldi bakarra dela, eta ez dela beste aukerarik izango. Frantziako Tourraren lehen irteera izateko hiri asko daude, eta zaila da berriz ere Donostia izatea.
Zenbatgarren aldia da Tourra Euskal Herritik abiatzen dela?
Hirugarrena. Aipatu moduan, 1992an Donostia izan zen irteera, eta aurten Bilbotik abiatuko da. Dena dela, emakumezkoen Tourra ere aipatu behar dugu. 2001ean Bilbotik atera zen, eta Joane Somarriba bizkaitarrak irabazi zuen.
Donostiako aurtengo etapa uztailaren 2an jokatuko da. Ibilbidea gustatzen zaizu?
1992ko etaparen antzekoa dela esango nuke. Jaizkibel igoko dute eta helmugara etorriko dira. Orduan, pentsatzekoa da ihesaldi bat iritsiko dela edo esprintean erabakiko dela irabazlea. Ez dute Murgil eta Erlaitz sartu ibilbidean, eta talde handi samarra espero daiteke helmugan.
Donostiatik sekula pasa ez den ziklista esanguratsurik bada?
Ez dut uste. Donostiako Klasikoari esker izar handienak hemen izan dira, eta beste asko Frantziako Tourrarekin, Euskal Herriko Itzuliarekin eta Espainiako Vueltarekin etorri dira.
Hiritik pasatu eta ikusterik izan ez zenuen izarrik bada?
Bai, Marco Pantani.
Eta gaur egungo zein txirrindulari esanguratsu ikusi nahiko zenuke Donostian?
Gaur egun, denen ahotan daudenak. Esaterako, Tadej Pogacar eta Mathieu Van der Poel.
Aldiz, zeintzuk dira zure ustez egungo izarrak?
Aipaturiko bi horiez gain, Remco Evenepoel, Jonas Vingegaard eta Wout Van Aert aipatuko nituzke. Izen horiek ikusita, esan behar dut faltan botatzen dudala italiarren bat. Liburuan Claudio Chiappucci sartzeko arrazoietako bat hori izan da. 1992an Donostian izan zen, eta bi astera Sestriereko etapa famatua irabazi zuen. Haren garaipen garrantzitsuena da. Gaur egun, ordea, pena ematen dit hiru asteko itzulietan sailkapen nagusia lehiatzeko italiarrik ez egotea.
Eta egungo zein ziklista estimatzen dituzu?
Thibau Pinot da horietako bat. Iruditzen zait ondo erakutsi duela bizitza nolakoa den. Duela lau urte Frantziako Tourra irabazteko lehian sartu zen, eta egun batetik bestera erretiratu behar izan zuen. Egia esan, burua altxa du, baina ez du lortu maila hura berreskuratzea. Fatalismo horrek erakartzen nau. Zineman eta beste alor batzuetan gertatzen den moduan. Badakit Pinot ez dela onena, ez duela Tourra irabazi, baina lasterketa garrantzitsuak irabazi ditu.
Beste ziklista bat ere aipatu nahi dut: Egan Arley Bernal. Berriz ere maila onean ikusi nahi nuke. Istripu larria izan zuen, eta badirudi ahaztu egin dugula.
Gizonezko txirrindulariak dira liburuko protagonistak. Dena dela, emakumeek ere badute bere lekua, ezta?
Bai, hiru ataletan aipatu ditut emakumeak. Annemiek Van Vleuten txapelduna, lehenengo Donostiako Klasikoa irabazi zuen Lucy Kennedy eta Joane Somarriba Frantziako Tourra hirutan irabazitakoa. Gustatuko litzaidake Tropel amaigabea liburuaren bigarren zatiko lehen protagonista emakumea izatea.
Donostiara etorritako izarrez ari gara, baina hiriak ere baditu izar propioak.
Peio Ruiz Cabestany da esanguratsuena. Oso azaletik aipatu dut, hari buruz asko hitz egin eta idatzi delako. Saiatu naiz Donostian besoak altxatu zituzten izarrak gogora ekartzen. Horregatik, ez dute donostiarrek atal berezirik. Ez dut bazterrean utzi nahita. Izarrak baino, pertsonaia batzuk nabarmenduko nituzke. Adibidez, Julian Comet eta Jose Luis Miner. Comet bera eta Jose Gervais Dupoy izan ziren 1949an Tourra Donostiara lehen aldiz ekartzea lortu zutenak.
Duela ez asko, Ruiz Cabestany eta Azparren anaia donostiarrak elkarrizketatu zituen hedabide honek. Lehenek, iraganean egin zuten historia, eta bigarrenek orainean dihardute etorkizun hurbilean historia egiteko.
Gustura irakurri nuen lauen arteko solasaldia. Ruiz Cabestany anaien historia jakina da, eta hor ditugu Peioren lorpenak. Aldiz, gustatuko litzaidake Azparren anaiak bidea egiten ikustea. Donostiarrak aipatuta, burura datozkit profesionaletara iritsi diren beste ziklista batzuk. Esaterako, Lander Aperribai eta Sergio de Lis. Pizgarri bat gehiago dira donostiarrontzat txirrindularitza jarraitzeko.
Donostia eta txirrindularitza. Izarrez aparte, egungo errealitateari erreparatu beharko diogu. Nolakoa dela esango zenuke?
Galdera horri beste erantzun bat eman nahi nioke. Izan ere, Bilbotik abiatuko den Frantziako Tourra aipatu dugu, eta ez dugu esan polemika batzuk piztu dituela. Erakundeek diru asko jarri dute Tourra ekartzeko, baina hemengo oinarrizko txirrindularitza ez dute ekonomikoki behar bezala babesten. Zortzi urte eman nituen Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioan boluntario gisa laguntzen. Orduan ikusi nuen oinarrizko txirrindularitzan egiten den lana ikaragarria dela. Izan ere, txirrindularitzak zailtasun asko ditu, eta nagusiena haren joko zelaia da: errepidea. Erakundeei gaztetxoen mesedetan ahalik eta gune seguruenak bultzatzea nahi nuke. Badakigu errepidea arriskutsua dela. Lasterketei dagokienez, sentiberatasuna eta eskuzabaltasuna izatea, eta ez soilik Tourrarekin.
Donostialdea Bizikletanek lanean dihardu hirian eta inguruan ziklismoa sustatzeko. Ezagutzen duzu txirrindularitza eskola, eta zer iruditzen zaizu egiten duten lana?
Asko dira ezagutzen ditudan txirrindularitza eskolak, baina gertukoena da Donostialdea Bizikletan. Oro har, eskola guztiek egiten duten lana ezinbestekoa da. Askotarikoak dira egitekoak. Horrela, lizentziak tramitatzen dituztenak, zirkuituak antolatzeko baimenak eskatzen dituztenak, monitoreak, … Lan miresgarria da, zalantzarik gabe.
Yago Agirre donostiarra da euren harrobitik jauzia eman duen azken ziklista. Alemaniako talde batean dabil bere bidea egin nahian…
Nire auzokidea da, egun Loiolako Erriberan bizi naizelako. Gipuzkoako federazioko eskola kirolean nenbilenean ezagutu nuen, kimuen eta infantilen kategorian. Horrelako mutiko batek bidea egiten duela ikusten duzunean, izugarri pozten zara. Ez dakit gauza asko irabaziko dituen, baina niri ilusio gehien egiten didana da kalean topatzen garenean beti oso adeitsu agurtzen nauela.
Aipatzekoa da ere Goenaga Yogurrak emakumezkoen taldea. Donostialdea Bizikletanek bere aletxoa jarri du…
Bai, asko poztu ninduen iaz iragarri zutenean nesken taldea bultzatuko zutela. Beste urrats bat da.
Donostiako belodromora ere ziklismoaren izarrak etorritakoak dira. Liburuan aipamen txiki bat egin diozu Euskadiko Sei Orduei. Ordea, belodromoaren egungo egoera ezin esan onena denik.
Tristea da. Belodromoari errespetua zor zaio, kirol instalazio historikoa delako. Ez dezatela erortzen utzi. Agintaldi berria hastear denean, udal gobernu berriari eskatuko nioke belodromoaren gaiari hel diezaiola. Zaharkitua geratu da, eta berritzeko premia du. Gainera, pistako txirrindularitzan aritzen diren ehunka gazte pasatzen dira urtero.
Orokorrean, Donostian ziklismoa estimatzen dela uste duzu?
Bai, Donostiako Klasikoaren garrantzia ikustea besterik ez dago. 1992ko Frantziako Tourra eztanda moduko bat izan zen hiriarentzat. Txirrindularitzarekiko zaletasuna indartu zuelakoan nago. Lasterketa ezagunez gain, aipatu beharrekoak dira Egiako Zumy saria eta Loiolako Erriberan egiten den kimuen eta infantilen lasterketa.
Donostiako Klasikoaren egungo formatua zer iruditzen zaizu?
Gustatzen zait, nahiz eta ez naizen aditua ibilbide kontuetan. Duela urte batzuk argi geratu zen Jaizkibelekin ez zela nahikoa ez ikuskizunerako eta ez lasterketa sakabanatzeko. Antolatzaileek irtenbidea bilatu diote. Aditu batzuek esango dute Murgileko gainak lasterketa blokeatzen duela, baina ez naiz hor sartuko.
‘Irutxulo’-n eta ‘Irutxuloko Hitza’-n hamarkada inguru aritu zinen kazetari moduan. Ziklismoari loturiko artikulu asko idatzi zenituen?
Batzuk bai, eta badira bi erreportaje estimu berezia diedanak. Batetik, Comet bizikleta denda itxi zenean idatzi nuena. Eta, bestetik, 1949ko Tourraren harira, 2009an egindakoa, 60. urteurrena bete zenean. Baliteke artikulu horrek bultzatu izana liburuak idaztera.
Hiru dira dagoeneko argitaratu dituzun txirrindularitzari buruzko liburuak. Hirurak euskaraz.
Tropel amaigabea liburuan jasotako istorioak xumeak dira, baina argi daukat euskaraz behar dutela egon. Liburu arina da, orrialde gutxi ditu, eta istorioak laburrak dira. Egunero bat irakur daiteke, lasai asko.
Nik asko gozatu dut liburua idazten, eta istorio hauek gazteengana iristea gustatuko litzaidake. Hau da, Donostiako txirrindulari eta txirrindularitza zale gazteek irakurtzea nahi nuke. 1990eko hamarkadatik atzerako guztia ez nuen bizitzerik izan. Aldiz, nik bizitakoak 2000. urtean jaiotako askok ez dituzte ezagutzen. Haiek izan ditut buruan liburu hau idazterakoan. Istorio zaharrekin gozatu dudan modu berean, gazte horiek istorio guztiekin gozatu dezakete. Liburuan ez dago istorio harrigarririk, gehienak jakinak eta ezagunak direlako. Ordea, gazteentzat bai iruditzen zaidala liburu interesgarri bat.