Goiaren politikei marra gorria jarri diete donostiarrek
10.000 boto ez dira erraz galtzen. Azken urteak hirian mugituak izan direnaren seinale bat besterik ez dira. Edonola: donostiarrek EAJ zigortu duten arren, Goia izango da alkate berriz ere. «Mezua ulertu» zuela esan zuen hauteskunde gauean, zein mezu den ez du argitu ordea.

Marmotaren eguna nola, 2011tik aurrerako hauteskundeen emaitzak aldez aurretik jakinak zirela sentitzen zuten herritar askok. EAJren hegemonia erabatekoa EAEn, aldundi eta udal handietan. PSE-EEk, gobernatzeko bere bide bakarra hori dela ikasita, tandema egina zuen jeltzaleekin. Bikote horrek gobernatu du Donostia eta Gipuzkoa 2015etik, eta geldiezina zirudien. Eta tira, oraindik hala da, iragarrita ez dagoen arren, paktua berrestearen alde agertu baitira alderdiotako agintariak.
Hauteskunde hauetan, ordea, etengabeko igoeran zegoen EAJ gelditu egin da, eta espero ez zen kolpe gogorra hartu du. Kristalezko sabaia ez da apurtu; baina apurtu daitekeela pentsatzen hasi dira gainontzeko alderdiak.
EAJren erorketa eta herritarren haserrea
Ezin zitekeela EAJren erorketa jakin? Hedabide nagusiek normaltasun itxura eman dute azken lau urteotan, eta horrek, aldaketa zantzurik ez zegoela ematen zuen. Gauzak, ordea, bestelakoak izan dira Donostian, eta azken asteotako mobilizazioak horren erakusle: Donostia Defendatuzena —48 eragileren parte hartzearekin—, Basque Culinary Centerren bigarren egoitzaren kontrakoa, Martuteneko bizilagunena, Eskola Publikoetako zuzendarien agerraldia… Printzipioz beste alderdiekin bat egiten ez duten mugimenduek kanpainan parte hartu dute. Eta horrek erakusten du giroa zein den: donostiar askok aldaketa nahi dute.
«Zigorra» hitza erabili dute jeltzaleek behin eta berriz. Gobernatzearen ondorioz datorren zigorra, alegia. Analisian adjektibo bat falta zaie, ordea. Ondo edo gaizki gobernatu daiteke eta. Edo, tira, gutxienez hori da herritarren iritzia.
Zeren, gobernatzeak ez dakar beti «zigorra». 2015-2019koa izan zuen Eneko Goiak lehen agintaldia. 2015eko haietan, 29.029 boto lortu zituen EAJk, EH Bilduren alkatetza kentzeko egindako kanpaina indartsuaren ondoren. Bada, legegintzaldi horren ostean 6.000 boto igo zituzten jeltzaleek, emaitza historikoak lortuz, 34.065 botorekin.
Gauzak horrela, zinegotzi bakarra jaitsi duen arren, beherakada izugarria izan du EAJk. Oraindik urrun dago 2011ko emaitza kaskarretatik 15.582 boto lortu zituen orduan, baina joerak kezka sortu du jeltzaleen artean, azken hamar urteotako etengabeko hazkundearen ostean, zulatu delako puxika.
«Mezua ulertu dugu» esan zuen Goiak hauteskunde gauean. Zein mezu ulertu zuten ez zuen argitu, eta egunak aurrera egin ahala erakutsi du Goiak bere autokritikarako joera falta: «Badira hainbat gauza azalpena merezi dutenak, baina agian ez gara behar bezain fin ibili, eta gauza batzuk ez dira ulertu». Mezu hau zabaldu nahi du Goiak: egindakoa ondo dago, arazoa da ez duzuela ulertu.
Nekez azaltzen da honela botoen ia %30 galtzea. Gros adibide hartuta, 4.475 boto izatetik, 3.149 boto izatera pasatu da EAJ. 1.300 boto horiek zerikusi handiagoa dute, ziurrenik, BCC 2ren desadostasunekin, gaizki-ulertuekin baino.
Alternatibarik ba al da?
EH Bildu izan da Hego Euskal Herri osoan hauteskunde hauetako onuradunik handiena. Donostian, 2.870 boto irabazi ditu, inoizko emaitzarik hoberenak lortuz. Gainontzeko alderdiak zein espektrotan mugitzen diren ikusita, ez dira emaitza horren ikusgarriak: 20.000 botoren gorabeheran ibili da EAJ azken hamabi urteotan; EH Bildu, aldiz, ez da 20.000 bototik jaisten, ez eta 24.000ra iristen ere. EH Bildu ez da EAJren alternatiba gisa ikusten, gaur gaurkoz.
Alderdiek gutxi eta arin hitz egiten duten arren, abstentzioak erabakitzen du gobernabidea demokrazian. 59.106 donostiarrek euren botoa ez ematea erabaki zuten joan den igandean. Erroldatuen %40,12 da hori. EAJ eta PSE-EEren botoen batura baino 20.000 herritar gehiago. Erraz esaten da. 2011ko datuetara jo behar dugu abstentzio maila horietara heltzeko: %40,45 izan zelako sasoi hartan.
Alkatetza lortu bai, baina herritarren tamainara egindako hiri bat egitea ez du aise lortuko Goiak; erroldatuen %84k ez duelako alkate hau bozkatu.
EAJ izan da garaile hirian, baina auzoei dagokionean, ezberdina da banaketa. EAJk zortzi auzotan irabazi du: Antigua, Ibaeta, Aiete, Erdialdea, Amara, Amara Berri, Loiolako Erribera eta Gros-Ulia-Ategorrieta. EH Bildu berriz, bederatzi auzotan izan da garaile: Añorga, Parte Zaharra, Morlans, Egia, Intxaurrondo, Martutene, Loiola-Txomiñenea, Igeldo eta Zubieta. PSE-EE Altzan eta Bidebietan izan da garaile, azken honetan, EH Bilduri bi botoko aldea aterata.
EAJk auzo guztietan jaitsi du boto kopurua, baina erdialdeko auzoetan eutsi dio hoberen; hain zuzen, errenta handiena duten auzoetan. PPrentzat ere auzo horiek dira bere indargunea: Aieten eta Erdialdean bigarren indarra da eskuin espainiarra.
Ekialdeko Barrutiko bozak gehituta, EH Bildu da garaile, eta errentaren arabera, PSE-EE eta EH Bilduren artean banatzen dira auzo langileak. Abstentzioa ere altuagoa da errenta baxuena duen Altza auzoan (%46,71) errenta altuena duten Aieterekin (%38,84) eta Erdialdearekin alderatuta (%31,02).